Urkulluk “babesa” azaldu die Jaizkibeleko kideei, eta gogoetara deitu du

hondarribia.jaizkibel

Jaizkibel konpainia, irailaren 8an desfilatzen.

BERRIA egunkaritik jasotako informazioa

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoeta epe bat zabaltzeko eskatu du, eta auziaren konponbidea Hondarribitik heldu behar dela azpimarratu du. Eusko Jaurlaritzak esku har dezan, aurretik hango instituzio, bizilagun eta eragileen partetik “jarrera eraikitzaile” bat behar dela adierazi du. “Herri horretan aurkitu behar dute bizikidetzarako konponbidea”. “Jaurlaritzaren eta bere izenean” Urkulluk “babesa” agertu die Jaizkibeleko kideei eta “deitoratu” egin ditu “aurten” gertatutako “istilu, eraso eta irainak”.

EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek eginiko galdera bati erantzunez esan ditu hitzok lehendakariak. Aurtengoak –21. urtea Jaizkibel sortu zenetik— “marra guztiak hautsi” dituela adierazi du Iriartek. “Han egon behar da benetan hangoa sinesteko”, esan dio Urkulluri. Eta konpainia horretako emakume eta gizonek urtero jasaten dituzten erasoak amaitzeko konpromiso argia galdegin dio. “Burrunbak eta plastiko beltzek ezkutatu egiten dute herritarren artean gero eta gehiago zabaltzen ari den ideia: konponbide azkar bat behar dela eta alarde parekideak ez duela ezer oztopatzen, festa aberastu baino ez duela egiten”.

Horri erantzunez, Urkulluk adierazi du tradizioak funtsezko elementu bat direla herrietako “kohesiorako”, baina zehaztu du horiek “garai berrietara” egokitzea ez dela horien kontra egitea. “Beste herri batzuetan egin dute”.

Lehendakariak gaineratu du Jaurlaritzaren asmoa dela hiru ildo lantzen jarraitzea: “Segurtasuna, berdintasuna eta bizikidetza”. Azken horri dagokionez, azpimarratu du “gutxieneko joko arau batzuk” daudela eta “errespetatu” egin behar direla. “Horregatik, hain zuzen ere, plastiko beltzen eta irainen dinamika ez da onargarria”.

Olano: “Aurtengoa atzerapausoa izan da”
Markel Olano Gipuzkoak ahaldun nagusiak ere izan du mintzagai alardearen auzia, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean. Hondarribian “bizikidetza arazo” bat dagoela adierazi du eta foru aldundia saiatu dela “ikuspegi diferente horiek elkarrekin hitz egiten ipintzen eta pixkanaka-pixkanaka giroa baretzen”. Azpimarratu du, baina, aurten gertatutakoa “atzerapausoa” izan dela “Plastiko beltzak, irainak, probokazioak… lekuz kanpo daude, eta horrelako portaerak alde batera gelditu behar dira hasteko”.

Informazio osagarria

+ Batzar Nagusiek alarde parekidea babestu dute.

+ Jaizkibel konpainia, etsipenetik garaipen handira.

+ Jaizkibel konpainiak ‘hemen gaude, eta egongo gara’ esan du

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend