Harrera Saria Lakaxitako gunea desmuntatzen ari da. Euren asmoa da kalean ezartzea gunea. Irungo Udalaren erantzunaren zain daude.
Elkarlanean ari dira Harrera Sareko kideak eta migranteak Lakaxitako gunea desmuntatzen.
Lakaxitan azken hilabeteetan bidean diren migranteak jaso dituzte, harrera egin diete, euren beharrei erantzun diete. Baina udazkena iritsi da, hotza ere, eta Lakaxitako gunea ez dago prestatua harrera duina egiteko. Eta erantzukizuna izan dezaketen erakundeei, Irungo Udalari zehazki, deia egin diote: kale gorrira goaz, egoera jasanezina da.
Lakaxitako gunea desmuntatzen ari dira goizean zehar, Irungo Harrera Sareko kideak pertsona migranteen laguntzarekin. Euren asmoa da Urdanibia plaza inguruan ezartzea Lakaxitako gunea, presio modura, dagokienak jaso dezan gainezka egin duela Harrera Sareak era boluntarioan egindako lanak. Prest daude lan egiteko, baina udalaren babesa behar dute. Eta horretan giltzarria Martindozenean jarri dute: bertan lo soilik egiten dute Irunera iristen diren errefuxiatuek. Martindozenean arreta integrala eman daitekeela uste dute Harrera Sarekoek.
“Gune inprobisatua izan da Lakaxita. Hotza egiten hasi da, karpa urdin bat genuen, hori zen eman genezakeen estalpea. Jasanezina bihurtu da hemen pertsonei harrera duina egitea. Udalari esan nahi diogu beharrezkoa dela harrera egiteko gune duin bat hirian, eguneko zentroa izango duen espazio bat, migranteek jan dezaketen, lasai egon daitezkeen toki bat behar dute, euriarekin edo hotzarekin ere Hemen, Lakaxitan, ezin dira gehiago egon”. Horiek Harrea Sareko kideek Lakaxitan bertan esandakoak.
Beste espazio batera joateko asmoa dute. Hasiera batean, Urdanibia plaza ingurura, Gizarte Ongizate sailaren egoitzaren parera, Ospitale Zaharrean: “Printzipioz, kalera joateko aukera dugu. Ikusiko dugu arratsaldea nola doan dena, zein erabaki hartzen diren. Udalari esan nahi diogu egoera honetaz nazkatuta daudela, soluzioa behar duela. Ea zer planteamendu egiten diguten”.
Beraz, hasiera batean 18:00etan dira muntatzen hastekoak Urdanibia inguruko gunea. Ikus behar, ordea, udalak Harrera Sarearen eskaerari zer erantzun ematen dion.
Lotutako albisteak