Beñat Elzo oroitzeko mendi lasterketa azaroaren 1ean da. Baina lasterketa soila baino askoz gehiago da proba. Elkartasunetik asko du.
Aurkezpenean parte hartu zutenen irudia.
Laugarrenez, Beñat Elzo gazte hondarribiarrari esker elkartasunezko mundu bat hurbilago egongo da. Zailtasunak dituztenak, arazoak dituztenak, gaixorik daudenak gogoan izango dituen jendarte bat hurbilago egongo da. Hil egin zen Elzo, baina hark zituen baloreak jaso, eta kirol proba baten bitartez horiek zabaldu nahi dituzte. Horiek guztiak azaroaren 1ean aterako dira kalera,
Beñat Elzo IV. Mendi Lasterketan.
Joan den ostiralean aurkeztu zuten proba. Aurrekoetan bezala, oinezkoen mendi martxa (09:00etan), mendi lasterketa (11:00etan, 10,5 kilometrokoa) eta familien martxa (12:30ean) izango ditu. Eta aurrekoetan bezala ere, elkartasun helburua: Ademgi Gipuzkoako Esklerosi Anizkoitza Elkartearentzat izango da lasterketaren laugarren ekitaldian dortsalen salmentarekin bilduko duten diruaren zati bat. Egitarauaren barruan, osagai berezi bat: Porrotx pailazoak familien proba aurretik saioa emango du irteeran (kirol kaian), goiza atseginago egiteko, eta aldi berean, Ademgiren mezua sakonago helarazteko bertan izango diren ehunka pertsonei.
Aurkezpenean, Juan Luis
Kalixa Silanes Kirol zinegotziak aipatu zuenez, Elzo oroitzea eta elkartasuna ditu helburu lasterketak. Nabarmendu zuen jende asko dagoela horren antolaketan, “eta ez dute bakarrik azken asteetan lan egiten. Urte osoko lana dute, guk hori badakigu, duela hilabete batzuk jarri zirelako gurekin harremanetan dena antolatzen joateko. Udalaren partetik zoriondu nahi ditut antolatzaile, boluntario eta laguntzaileak. Elkarlanean jarraituko dugu”.
Ademgiko Maria Luisa Ustarrotzek, bere aldetik, esker mezua zabaldu zuen agerraldian. Probaren antolatzaileei —Elzoren lagunak dira— eskerrak adierazteaz gain, jasoko duten dirua Donostian ireki berri duten birgaitze zentrora bideratuko dutela zehaztu zuen. Gipuzkoan 750 dira esklerosi anizkoitza dutenak. Klink elkarteak, bestalde, bazkaria egingo du azaroaren 18an Ademgiren alde.
Antolatzaileek ere hitz egin zuten agerraldian. Haiek lagundu dituzten
erakunde eta babesle guztiei esker on mezua emateaz gain, duela lau urte talde batek abian jarri zuena goraipatu zuen. Ander Vilariño ere izan zen agerraldian. Herri lasterketa batek helburu solidarioa izatea “zoragarria” dela esan zuen, eta Ademgik egiten duen lana —askotan lagundu du elkartea pilotuak— eskertzeaz gain, balioan jarri zuen.
Izen emateak
Mendi lasterketarako 20 euro jarri behar dira (euro bat gutxiago txipa dutenentzat), oinezko martxarako 10 euro, eta familien probarako 5 euro. Mendi lasterketan izena emateko
kirolprobak.com webgunean egin behar da; beste bietarako Done Pedro Arrantzaleen Kofradiaren saltokian, Miramarren; bertan, gainera aurtengo ekitaldirako propio diseinatu duten elastikoa eros daiteke, 10 euroan.