Ken Zazpi taldeak ekainaren 23an joko du, eta Mago de Ozek 28an. Hirugarren talde nagusiak ekainaren 24an joko du, La Poptelera.
Ekainaren 23an joko du Ken Zazpik. Argazkia: Ken Zazpi.
San Martzial eta San Pedro jaietako musika kontzertuetan zein talde ariko diren erabakitzeko herri bozketa abiatu zuen Irungo Udalak. Horren epea itxita, irundarrek erabaki dute jada zein talde entzun nahi dituzten festetan: talde euskaldunen atalean Ken Zazpi izan da garaile; Espainiako Estatuko taldeen atalean Mago de Oz izan da boto gehien jaso dituen taldea. Hirugarren kontzertu handiaren buru La Poptelera taldea izango da, bertsioak edo tributuzko kontzertuak ematen dituen atalean garaile izan delako (Espainiako pop taldeen bertsioak egiten dituzte).
Udalak adierazi du jada hasi dela hautatu diren taldeen kontratazioa aurrera eramateko kudeaketa lanekin. Jada taldeen baiezkoa badu udalak, baina kontratuak egikaritzea falta da.
Hortaz, ekainaren 23ko kontzertuan Ken Zazpik joko du, 24koan La Poptelerak, eta 28koan, Mago de Ozek. Talde horien alboan, kontzertu bakoitzean, Irungo taldeak egongo dira, horiek hautatzeko prozesua ere zabaldu zelako, hura ere herri bozketa bidez. Hala, telonero izateko boto gehien jaso dituzten tokiko taldeak Los Secos, Son de Rue eta New Straits izan dira; horiek zein talde nagusirekin joko duten erabaki gabe dago oraindik; udalak esan du estiloaren araberako banaketa egingo dutela.
Datuak
Lau multzotan sailkatutako taldeen artean erabaki dute irundarrek. Honakoak ziren lau sailak: euskal taldeak, Espainiako Estatuko taldeak, bertsioak edo tributu musika egiten duten taldeak, eta Irungo taldeak.
Astebete izan dute irundarrek jaietan zein musika talde nahi duten hautatzeko, betiere udalak landutako 32 taldeko zerrenda baten arabera. 2.766 irundarrek eman dute botoa, iaz baino 404 gehiagok. Hala, Ken Zazpik bere ataleko botoen %44,9 jaso zituen (1.242 bozka), eta Mago de Ozek bere saileko botoen %22 (610). La Popteleraren alde parte hartzaileen %21,8k egin zuen (605 boto).
Tokiko taldeen artean boto gehien Los Secosek jaso ditu (695), Son de Rueren (577) eta New Straits-en (516) aurretik.
Irungo Udaleko Kultura ordezkari Juncal Eizagirre pozik agertu da parte hartze datuekin, “irundarrek azaldu duten interesa handia izan da. 2.000 pertsonatik gora egin dira botoa ematen, eta hori egiteaz gain, ekarpenak egin dituzte. Horiek ere kontuan hartuko ditugu”.