[Galeria] Hegaztien bidaiak atsedenleku du Plaiaundin
Migrazio garaia dute hegaztiek udazkena. Eskandinabiatik Afrikarako bidean Txingudiko zerua zeharkatzen dute eta askok Plaiaundin geldialdia egiten dute.
Iritsi da udazkeneko zirkua Txingudira, hegaztien zirkua. Europa iparretik Afrikarako bidaia abiatu dute milioika hegaztik, eta ehunka milakak Bidasoa eta Oarsoaldea zeharkatuz egingo dute bidaia. Asko Plaiaundi parke ekologikoan geratuko dira, elikatu eta atseden hartzeko, ornitologia zaleen eta natura argazkilarien gozamenerako. Baina beraientzat bakarrik ez da ikuskizuna. Edozein hurbil daiteke udazkeneko migrazioara. Prismatiko batzuk —parketxean lor daitezke, maileguan—, txoriak identifikatzeko gidatxo bat, eta begiak ondo zabaltzea, hori baino gehiago ez da behar. Mikel Etxaniz teknikariak hasiberrientzako gida azkarra prestatzen lagundu digu.