Plaiaundiko teknikariak hegaztien migrazioaz disfrutatzeko gida azkarra egiten lagundu digu. Prismatikoak, gidatxo bat, eta deigarria ez den arropa, askoz gehiago ez da behar.
Martin-arrantzalea, arratsean, Plaiaundin
Txingudiko hezeguneetako ingurumen teknikariak hegaztien migrazioaz disfrutatzeko hasiberrientzako gida azkarra egiten lagundu digu. Prismatikoak, gidatxo bat, eta deigarria ez den arropa, askoz gehiago ez da behar.
Zenbat espezie ikus daitezke migrazio garaian Plaiaundin eta Jaitzubian?
Zaila da zehatz-mehatz zenbaki bat ematea, oso aldakorra delako. Biogeografikoki toki berezi batean gaude, horretan datza gure indarra hegaztiei begira. Kantauri itsasoaren eta Pirinioen artean gaude eta hemendik bide migratzaile bat igarotzen da. Txoriek nahitaez hemendik pasatu behar dute.
Orotara, 250 espezie inguru pasatzen dira urtero Txinguditik. Gauden tokiagatik, eta ingurune txikia delako, hemengo espezie gehienak migratzaileak dira. Aterpea da txorientzat, eta hamarretik bederatzi migrazioan datoz, atseden hartu, elikatu, eta bidean segi, hori egiten dute.
Zer ekarri behar du nahitaez hegaztiak ikustera lehen aldiz etortzen denak?
Lehendabiziko gauza eta garrantzitsuena, kuriositatea. Oso desberdina da hona etorri buelta bat ematera eta begiratu gabe ibili, edo gelditu, begiak ireki eta kuriositate hori eduki. Orduan ikusten duzu animaliak daudela. Gero, noski, materialak laguntzen du. Oinarrizkoena prismatikoak dira. Guk badugu mailegu zerbitzu bat, doakoa. Prismatikorik gabe etortzen denari uzten dizkiogu, nortasun agiria eskatuta bakarrik. Hasieran agian ez dute erosi nahi, eta guk uzten dizkiegu, lehen urratsak emateko nahikoak.
Erostekotan, nolako prismatikoak behar dira?
Prismatikoek bi zenbaki izaten dituzte, lehenengoak handipenak adierazten ditu, zenbat aldiz gehiago ikusten den, eta bigarrenak lenteen diametroa, sartzen den argia adierazten duena. Hasberrientzat, 8x40ko prismatikoak ondo daude.
Natura argazkilariak kamera handiekin ibiltzen dira. Horrelakorik gabe ere egin al daitezke argazki politak?
Azken urteetan izugarri handitu da objektibo handiekin etortzen direnen kopurua. Egun aukera asko daude, eta nahiko merkeak batzuk. Jende askok
bridge kamerak erabiltzen ditu, barruan kristoren zoom bat duten konpaktoak dira, ez dute pisu asko, ez dira oso garestiak, eta hegaztiak ikusteko oso aproposak dira.
Nolako gida behar da espezieak identifikatu ahal izateko?
Guk hemengo hegaztien gidatxoa banatzen dugu, baina oso oinarrizkoa da[espezie gutxi azaltzen dira]. Hasteko, Eduardo de Juanaren gida oso ondo dago (Lynx argitaletxearena), erabiltzeko erraza, marrazki oso garbiak, testua ere. Gero gida osoagoak daude baina, hasteko, De Juanarena ondo dago.
Arropa berezia behar da?
Ez da behar kamuflajeko arropa, baina ezta hemen zarela abisatzen duen arroparik ere. Behintzat deigarriak ez diren koloreak.
Zeintzuk dira jarrera aproposak parke ekologikoan eta zeintzuk desegokiak?
Arau batzuk daude eta betetzea inportantea da. Plaiaundi diseinatuta dago ibilbide eta behatoki batzurekin. Bidetik ez ateratzeko eskatzen dugu, hegaztientzat parke txikia delako eta jende asko egoten delako. Jende bat bidetik ateratzen da, sasi artetik sartu, eta hegaztiak izutzen dira. Hori egiten badugu ez ditugu ikusiko, eta besteei ere ez diegu utziko ikusten. Onena, behatokietatik ikustea da. Eta bertan, errespetuzko jarrera bat mantendu, isilik egon, besoak ez atera, zentzuzko jarrera mantendu.
Zeintzuk dira eguneko ordu onenak hegaztiak ikusteko?
Orduak baino gehiago, mareei begiratu behar zaie. Marea-arteko parkea da hau eta, ur gezako aintzira salbu, gainontzekoetan mareen arabera mugitzen dira hegaztiak. Itsasgoran txoriak irletan elkartzen dira, itsasbeherarekin, zabaldu egiten dira, janari bila. Bietan ikus daitezke, baina toki desberdinetan; itsasbeherarekin beharbada hurbilago.
Aurki daitezkeen hegaztiei dagokionez, zein desberdintasun dago aintziren artean?
Ur gezakoan ez dira mareak sartzen eta ur maila nahiko egonkor mantentzen da. Horregatik, kabiak egiteko ur gezakoa erabiltzen dute; ez dira espezie asko hemen ugaltzen direnak baina ur gezakoa erabiltzen dute: basahatea, ipar-ahatea, kopetazuria… Besteak, marea artekoak, janari toki bezala oso onak dira, eta atsedenerako.
Bideetatik ez ateratzea eta behatokiak erabiltzea eskatzen da
Hegazti berberak ikusiko ditugu Plaiaundin eta Jaitzubian, edo espezie desberdinak?
Habitatak desberdinak dira eta, hortaz, espezie gehienak aldatzen dira. Jaitzubia altuago dago, ur gezaren eragina handiagoa da eta paisaia aldatzen da. Jaitzubia batez ere lezkadia da, lohietako txoriak ez dira ikusten. Txori txikiak bai, eta txikiak ez direnak baina lezkadian sartzen direnak, ikusteko eta identifikatzeko zailak.
Bi leku horiez gain, Oarso Bidasoko zein beste ingurune dira egokiak hegaztiak ikusteko?
Txingudi hezegunea da, baina lurraldeko ikuspegia irekiz gero mendi oso interesgarriak ditugu inguruan, beste txori mota batzuk ikusteko. Jaizkibel, Aiako Harria, beste aldean Xoldokogaina, Abadia eremua… espezie desberdinak dira, basokoak, mendikoak, hegazti harrapakariak adibidez, edo piziformeak. Garaia ere aldatzen da, mendietan askoz gehiago direlako urte osoan bizi direnak.
Urteko lau garaiak
- Udazkena. Migrazio handiena da, iparretik hegoaldera egiten dena, abuztutik azarora. Hegazti izarrak honakoak dira: arrano arrantzalea (une honetan badira), mokozabala (iraila hasieran batez ere), eta lertxunak.
- Negutea. Azarotik martxora arte. Hegaztiak bertan geratzen dira, ez bada hotz handia sartzen dela. Anatideak dira batez ere: hainbat ahate espezie, antzarak, eta lohietakoak (kurlintak…).
- Udaberria. Udazkenekoaren bueltako migrazioa, baina txikiagoa kopuruz —hegan egiteko ordu gehiago dituzte—. Lohietako espezieak gehiago ikusten dira, kurlintak, kulixkak…
- Uda. Urte osoan Plaiaundin geratzen diren espezieen ugalketa garaia da: basahatea, uroiloa, kopetazuria, ipar-ahatea…