2011ko hauteskundeetan botoetan bigarren izan zen Irungo EAJ. Xabier Iridoy buruak hiru ardatz nagusi landu ditu kanpainaren aurretik eta bitartean bere programan, eta egunez egun horien berri ematen joan da kanpaina bitartean. Honakoak dira EAJren zerrendaburuaren iritziak.
2011ko hauteskundeetan botoetan bigarren izan zen Irungo EAJ. Xabier Iridoyk hiru ardatz nagusi landu ditu kanpainaren aurretik eta bitartean bere programan, eta egunez egun horien berri ematen joan da kanpaina bitartean. Honakoak dira EAJren zerrendaburuaren iritziak.
Zein proposamen ditu EAJk Irun hobetzeko?
Datorren agintaldirako hiru ardatz nagusitan oinarritutako egitasmo sendoa prestatu dugu; ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea, irundarren bizi kalitatearen eta ongizatearen hobekuntza eta mugikortasuna dira gure lehentasunak. Erronka handiak ditugu Irunek aurrera egin dezan, eta erronka horiek hamar konpromiso nagusitan laburtu ditugu. Honakoak dira:
Hiriko mugikortasuna hobetu eta aparkaleku arazoari irtenbidea emango diogu; auzoetako bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko hainbat esku-hartze aurrera eramango ditugu; Txingudi badiako hiru hiriak bidegorriz lotzeko proiektuari bultzada emango diogu; Irungo enpresen lehiakortasuna eta nazioartekotzea sustatuko dugu; tokiko merkataritza eta ostalaritza indartuko ditugu; Meaka auzoan aterpetxea eraikiko dugu; gobernu onean, gardentasunean eta gertutasunean oinarritutako kudeaketa egingo dugu; hiri segurtasunean eta puntu beltzen deuseztapenean aurrerapausoak emango ditugu; euskararen kaleko erabilera sustatuko dugu; eta alokairuaren aldeko apustua egingo dugu hiriko etxebizitza beharrei aurre egiteko.
Herritarren parte hartzeaz asko hitz egin da azken legealdian. Baina zuen ustez, udaletik hartzen diren erabakietan zein funtzio bete behar dute herritarrek? Hau da, zein da zuen herritarren parte hartze eredua?
EAJn parte hartzearen aldeko apustua egiten dugu, eta horren adibide da hauteskunde hauetara aurkezten dugun programa. Irundarrek eta Irungo eragile desberdinek parte hartu dute gure hiri proiektua osatzeko prozesuan, beraz, EAJtik programa parte hartzailea bultzatu dugula nabarmendu nahi dut. Bestalde, udaletik hartzen diren erabakietan hiritarren parte hartzea ondo ikusten dugu, baina hori ezin daiteke edonola egin. Araututako eta sistematizatutako parte hartze erreal baten alde egiten dugu.
Horretarako, Hiritarren Parte Hartzerako Udal Kontseilua eratzea proposatzen dugu, non talde politikoak, erakunde sozial eta kulturalak, kirol elkarteak, auzo elkarteak eta hiritarrak ordezkatuta egongo diren. Udalak ahaldundu, eta bere lana egiten eta erabakiak hartzen lagunduko lioke Kontseiluari, eta guztiek guztien beharrak entzungo lituzkete, Iruni eta irundarrei eragiten dieten erabakiak denon artean adosteko.
Gipuzkoa mailan langabezia tasarik handienetakoa du Irunek. Zein neurri planteatzen dituzue hiria ekonomikoki eta enplegu arloan suspertzeko?
Ekonomiaren eta enpleguaren suspertzea, hain zuzen ere, gure programako ardatz estrategikoetako bat da eta datorren agintaldirako gure lehentasun handiena. Irunen dugun langabezia tasak kezkatzen gaitu, eta arlo horretan udalak dituen eskumenak mugatuak badira ere, ekonomia eta enplegua suspertzen lagundu dezakegu. Besteak beste, tokiko enpresek burutu ditzaketen obra txikietara bideratutako inbertsioak areagotzea proposatzen dugu, bertako langileen kontratazioa sustatuz. Enpresa ekimen berritzaileak martxan jartzea helburu duen Mondragon Unibertsitatearen
Irun Berrikuntza Faktoria proiektuaren alde lan egingo dugu.
Horretaz gain, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari bultzada emango diogu merkatari elkarteen batasunaren alde lan eginez eta elkarlan publiko-pribatua sustatuz. Halaber, Irun nekazal turismoaren eskaintzan txertatu nahi dugu, eta horretarako landa eta naturari lotutako turismoa bultzatuko dugu, tokiko ekonomia dinamizatzeko eta enplegua sortzeko.