Manu Goiogana Bengoetxea eta Jokin Pinatxo Olaziregi: 'Bertan goxo'
Irunabar, Irungo Bertsoaren Bilgunea
Irunabarren eta HITZAren arteko elkarlana
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilguneak eta OARSO BIDASOKO HITZAk elkarlanerako bidea zabaldu dute. Behealdean dagoen bertso sorta horren zortzigarren emaitza da. Elkarlan horren arabera, hilabete guztietako azken ostiralerako Irunabarreko kideek bertso sorta egingo dute, eta HITZAk hori publikatuko du.
Zortzigarren honetan, elkarlanean aritu dira Manu Goiogana Bengoetxea bertsolaria eta Jokin Pinatxo Olaziregi musikaria. Hala, lehenak sorta egin du, eta bigarrenak hori musikatu du. Behekoak, Goioganaren hitzak dira. Horien ondoren dagoen bideoan, hitzen eta doinuen arteko batura.
1.
Guztiok erori gara
zuloaren ilunean
eta denok jaiki gara
gure indarren xumean.
Baina zer gertatzen zaigu
ohartzen garen unean
han geratu nahi dugula
garenaren hutsunean?
Babes hartu nahi dugula
hondoaren urrunean?
Altxa gaitezkeen arren
altxa nahi ez dugunean?
2.
Zenbat aldiz jausi garen
zenbat aldiz altxa gora
barrura behatu gabe
begiratzen da albora.
Ez daukat garbi, akaso
nire gauza izango da,
nahitaez altxa beharra
gal ez dezadan denbora.
Baina gaur ez dut jaiki nahi
ez dut joan nahi kanpora
markatutako bidetik
eta jakin gabe nora.
3.
Ez dut izan nahi garaile
ez dut izan nahi ausarta
ez dut izan nahi indartsu
ez dut izan nahi aparta
behar dut geratu nadin
malkoen gozoz negarka
ez dut nahi berriro ari
zutik jartzeko indarka.
Nire momentu bat da hau,
inor mintzen badut barka,
triste egon nahi dudana
eta ahal bada bakarka.
4.
Jausteak arrazoi bat du
beti ezin saihestua,
mundua zoramen bat da,
hemen nago babestua.
Zuloan aringarri zait
bizitza aldrebestua,
lasaigarri mina sortzen
didan momentu estua…
Ez dudanez gidoian nahi
normaltasun antzeztua
hementxe geratuko naiz
luzatu arren eskua.
5.
Itogarri egiten zait
eguneroko arnasa,
desegonkortzailea zait
zuen animo solasa;
behar dut eror dakidan
bizi dudan anabasa
askatzeko sentipenen
eta ideien mataza.
Badakit zure papera
ez dela oso erraza,
azkenean jaikiko naiz
baina utzi nire kasa.