Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Maddi Sanz Sanchezek bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Agurrari koplak
Doinua: ‘Oihaneko pagoak blai’
1.
Izan daiteke mingarri
hontaz mintzatzea sarri
behin bizi izan dudala eta
nahi diot sorta bat jarri
2.
Gu garai txarrak bizitzen
eta zu artean hiltzen
medikuaren deia jasota:
«Ez zaio asko gelditzen»
3.
Ospitaleko atari
irribarreen ehiztari
bizi genuen argazki horri
ari natzaio kantari
4.
Marra gorri zein ubela
hortxe da itxaron gela
«zainketa, larri eta intentsibo»
ene, zer kartel krudela!
5.
Urduritasun dardara
ahizparen besarkada
gela osoa isilik baina
oihuka dabil ikara
6.
Erizainari begira
zerrendarekin hasi da
zure izena bota du eta
barrura goaz segida
7.
Orratza duzu zainean
ikusi zaitudanean
morfina kutsuz utzi dituzu
zure azken hitzak airean
8.
Gogorra isilunea
ahotsa ahulgunea
begiratuta galdetu gabe
elkar zaintzeko unea
9.
Ordu erdi bat igaro
ia onartzear nago
nire izena zure ahotik
ez dut entzungo gehiago
10.
Badator nerbioen tropa
errai artean borroka
zain dagonaren egonezina
ez diot inori opa
11.
Makinak dauka fokua
hau jada ez da patua
gogaitu eta lasaitzen duen
atzerantzako kontua
12.
Azken arnasa ahula
biziak bejondeizula
pakean zoaz eta bidaia
ona izan dezazula