Aitor Errazkin Vicente: "Ingumaren besarkadak"
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Aitor Errazkin Vicentek bertso sorta egin du. Hona hemen, Errazkinek egindakoa:
Ingumaren besarkadak
Doinua: ‘Tarteka lokartzen gara’
1.
Tarteka lokartzen gara
buruari eraginda
luzaro egon bagara
begiak bildu ezinda
halakoetan Ingumak
guretzat boxeo ringa
prestatzen du eta hanka
egin nahi, baina ezin da…
Altxa, altxatuko gara,
baina xehe-xehe eginda!
2.
Iritsi denean behingoz
begiak ixteko txanda
oinez goazela uste,
estropezu eta danba!
Ba ote da fisikaren
funtsezko legeez landa
jauzi egiterik ohe
batean luze etzanda?
Gaua nahasia dator
lehen abisua izan da.
3.
Bigarren aldiz heldu naiz
amets «gozoen» mundura
emozioak soltean
jostatzen diren lekura
eta gauetan guztia
igotzen denez burura
egunez izaten dena
jendetasuna, itxura
mozorroa kendu duen
karnabal bilakatu da.
4.
Orain kale erdian naiz
biluzi, larrugorrian
begi-bistakoa denez
nahiko ataka larrian
lagunik minenak ere
modu mespretxagarrian
muzin egiten dit eta
nahigabea eztarrian
arrotz sentitzen hasi naiz
non eta nire herrian!
5.
Lantegi bat urrutira
pausoak harantz zuzendu
lanpostuak eskas baina
lan egitea baimendu
eskatutakoa egin
besteen hutsak zuzendu
nire soldata, ordea,
nagusi jaunak hartzen du
behin eta berriz ari zait
erakutsi eta kendu.
6.
Lantoki horretan luze
arituko nintzen antza
ametsetan inork gutxik
galtzen baitu esperantza
eskuan motozerra bat
daukat bilintzi-balantza
behar ez zuen aldera
egin duenean dantza
ez dut deus sumatu baina…
A zer nolako triskantza!
7.
Nik ez dakit kartzelara
zergatik sartu gaituzten
zaindariak ari dira
bazter guztiak zapuzten
beren begietan ez da
erruki izpirik ikusten
ume bat bisita-gelan
marrazki bat erakusten
besotan hartu nahi nuke
baina ez didate uzten.
8.
Halako batean jende
mordoa daukat atzean
lasterka nahi baina ezin
kamera geldo antzean…
Eta bat-batean nago
zulo beltz baten ertzean
handik amildu egin naiz
hegaldatzen saiatzean
esnatuko ote gara
lurrera ailegatzean?
9.
Nolako surrealistak
Ingumaren besarkadak!
Begiak zabaldu ditut
eta blai daude izarak
berriro berpiztu zaizkit
amesgaiztoko ikarak
«izerdia baino ez da»
baretu gara pixka bat…
Zein lasaigarriak diren
horrelako «eskapadak»!
10.
Eki da «mendebaldarron»
lokamutsen zirrikitu
argiak ongi baitaki
iluna nola gainditu
baina nahiago bideak
denentzat baldin balitu!
Izan ere hemen askok
nahiz eta egunak argitu
amets gaiztoenak esna
bizi behar izaten ditu.

