Aiora Fagoaga Iza: 'Korrika urtea'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Aiora Fagoaga Izak bertso sorta egin du. Hona hemen, Fagoagak egindakoa:
Korrika urtea
Doinua: ‘Zeru altuan zegoen jaunak’
1.
Euskal Herrian galdetu ezkero
zer da zuretzat Korrika?
Maitea dugun gure hizkuntzak
bi urtetik behin duen zita.
Bertan doanak aldiro uzten du
errepidean birika.
Korrikak beti eragiten du
bizipoza ta irrika.
2.
Ibilbidean mapa ikusi
ta egin dugu gogoeta;
makiltxo baten emango dio
euskarak herriari buelta.
Eguna hurbilduz dijoa eta
gu gaude pozez beteta,
erne ibili, prestatu zaitez,
hortxe dator furgoneta.
3.
23. Korrika
hemen hasiko dela entzun,
jarraian denok sentitu gara
berezi eta zortedun.
Elkartu ezagun, familiako,
bikotekide zein lagun.
Gure herrian hasiko da ta,
gozatu dezagun, Irun!
4.
Lagunekin hitz egiten hasi
eta gehiengoek lana,
horixe baita denek duguna
egunerokoan zama,
ordutegia aldatu nahi dut,
Korrikak horra narama,
eguna hurbiltzen hasi da eta
zein da zuk daukazun plana?
5.
Hiri hontako euskaldunontzat
bai pozgarria berria!
Eguna hurbilduz dijoan ahala,
ezin ezkuta irria.
Euskarak hemen izan dezake
bultzada, udaberria,
behingoagatik dagoelako,
Irunez harro herria.
6.
Hasiko da ta, den-denak erne
denok piztuta antena.
Hitz egin dute, eman digute,
korrika hasteko baimena.
Gaur hala ere berdin-berdin du
lehenengo ala azkena,
hemendik hasi eta badoa
Euskal Herrian barrena.
7.
Euskal Herrian barrena hortxe,
hartuz edozein karrika.
Herrietako txoko guztitan
piztuaz bai bere txispa.
Bi urte luzez itxoin ta gero,
pasatu zaigu irrista.
Hurrengora arte, aio pelaio,
beste bat arte, Korrika!