Zortzi abizen olinpiar
Mohamed du izena, Mo lagunentzat. Bere aitak pateran egin zuen Marokotik Espainiarakoa. Amak aurretiaz egina zuen Egiptotik Marokorakoa. Eta bost urte zituenetik Murtziako Mula herrian bizi izan da Mohamed.
23 urte dituen honetan, punta-puntako lasterkaria dugu. 1.500, 3.000 eta 5.000 metroko lasterketetan Espainiako errekorrak hautsi berri ditu, eta Tokioko Olinpiar Jokoak ditu jomugan. Ikusmina piztu du bere sasoiak, baina baita errezeloa ere. 1990eko hamarkadatik indarrean ziren errekor horiek errazegi ez ote dituen birrindu, bat-batean halako maila agertzea ez ote den susmagarria.
Ez du axola, nonbait, Mohamedek urtetan zehar bere adineko korrikalariak hankapean ibili izanak. Eta ez du axola izan, agian, pasaporte marokoarraz korritu duelako berriki arte. Eta badirudi are gutxiago inporta duela bizi osoa Murtzian emandako gazte batek zergatik behar izan dituen 16 urte bertako pasaportea eta lizentzia eskuratzeko.
Mohameden aurkako altaboz Isaac Viciosa palentziarra agertu da, gazteak hautsi berri dituen errekor horietako baten jabe zena. Oraingoz ez omen du kontuan hartuko Mohameden jarduna, eta ba omen daki maila horretan dabiltzan korrikalariek zein aje farmakologiko agertzen duten berandu baino lehen. «Nire garaiko zenbait eliteko korrikalarik ez bezala», falta izan zaio gehitzea. Baina, oroz gain, beste min bat erakutsi du Viciosak, beste pena bat. Bere errekorra abizen gaztelaua ez daraman lasterkari batek hautsi izana, hain zuzen ere.
Mohamedek, bere arbasoen ondorengo izaki, Katir baitu abizena. Txaden 8.000 biztanletik batek darama abizen hori, Marokon 23.000 lagunetik batek. Viciosa, aldiz, 667.000 espainiarretik batek besterik ez darama nortasun agirian. Zenbaki txepel hauek inolako esanahirik balute, Viciosa baino nonbaitekoagoa iduri luke Katirek. Baina hori ez da traba izan Isaacek Mohamedi bere nongotasun eskubidea publikoki ukatzeko, ezta ere bere kirol lorpenak inolako lotsarik gabe ezbaian jartzeko. Eta horrek izen bat dauka.
Kurioski, arabierazko katir hitza asko, ugari, aunitz adierazteko erabiltzen da. Ez dut Katir abizenaren jatorriaren inguruan fundamentuzko informaziorik aurkitu, baina nago Viciosarenaren moduko mundu ikuskerei ez zaizkiela digresio etimologiko hauek askorik interesatzen. Bistan dena da, ordea, Viciosa eta bere gisakoek ez dutela Katir euren parekotzat hartzen, ezta ere Mohameden eta gure munduaren katirtasuna ulertzen, are gutxiago errespetatzen.
Eta, kasu, ez bainuke behatz salataria fanatiko opustar batengana zuzenduta kontzientzia garbitu nahi, ezta ere inoren gainetik agertu. Irudipena baitut guztiok daramagula barruan Viciosa txiki bat, azalaren kolorez, hizkuntzaz, erlijioz ala abizenez desberdina den horri begiratzean gehiago ala gutxiago ernatzen zaiguna. Denok baikara, finean, arbasoen ondorengo eta garaiaren menpeko. Baina asmatuko al dugu gutxienez pozoi horri barruan eusten eta buelta bat ematen, ondotik datozenen higiene moralagatik bada ere.
Amaitzeko, txoko honetatik osasuna eta zorterik onena opa nahi nieke Tokiora begira Elosegiri, Errandoneari, Santestebani, Aginagalderi eta konpainiari. Eta ireki ditzagun belarriak, bizio gaiztotan erori gabe, eta prestatu esku-ahurrak. Berandu gabe txalotu beharko baititugu Olinpiar Jokoetan gurean hazi eta hezitako Said, Diop, Zhang, edota Ionescu. Tokion lehiatuko diren lau abizen oarso bidasoar horiek bezain olinpiko eta gutar.