Espainiako Justizian, hirutasun santua
Igande honetan, hilak 31, Hirutasun Santuaren Eguna da. Hirutasun Santua ez dugu kontzeptu hutsala. Kristautasunaren zisma handien motiboa izan da historian, eta, beraz, gerren hauspo ere bai. Nizeako Kontziliotik (325) erabaki zen hirurek mami edo substantzia berbera zutela eta, harrezkero, amen.
1945eko Trinity bonba atomikoa bezala lehertu da Zapatero auzia. Matraka ari du, estatuko agenda politiko betea datorkigu, eta bide batez herritarren mingainak astindu ditu. Publizitate mundutik esango luketen bezala, brand awareness polita egiten ari zaizkio PSOEri. Negatiboa, ordea. Mamian zer dagoen da gutxiena, denbora errealean efektua egiten ari delako, nor-nori-nork, kaka zaharra Sanchezi Espainiako Justiziak, orain. Espainiako Justiziaren timinga.
A posteriori, ordea, beste auzi bat dabil, Espainian ere bai: Kitchen. Bertan, xelebrekeria bat gertatu da, hala deitu diezaiokegu, sistemak pitzadurak dituelako. Inspektore ikertzaile bat, Manuel Morocho, serio zihoan. Zur eta lur utzi gaitu, lehenik bere bakardadeagatik eta bigarrenik gordinki azaleratzeagatik estatu estolderiak eta PP alderdiak nola funtzionatzen duten. Ikus dezagun: (1) bere gaineko arduradunek presio egin zioten ikerketa txostenean datuak desitxuratzeko eta komenigarri ikusten ez ziren izen ezagunak kentzeko (kasu horretan PPko Rajoy eta Maria Dolores de Cospedal; (2) ikertzailearen arduradunek ikerketa unitatea desegituratu zuten, bertako kide eta laguntzaileei beste postu hobeak eskainiz; (3) ikertzaileari ospa egitera gonbidatu zitzaion, toki exotikoetan postu tentagarriak eskainiz, ongi ordainduak.
Hiru kolpetan, biziki erradiografia argigarria gelditu zaigu estatu egituren ustelkeria estrukturalaz. Laugarren bat gehitu daiteke: inspektorea irrikitan zen azpijokoak nola funtzionatzen zuen, baina epaileak ahotik kendu dio hitza behin eta berriz inspektoreari. Epaietako testigantza eta grabazioek, gainera, erakutsi dute polizia indarrek Espainiako hedabideetara dena delakoa zabaltzeko duten filtrazio sistema. Triangeluarra baino gehiago, sistema biribila da: UCO eta UDEF txandaka (azken hori Operación Cataluñan akusazio irudimentsuak ondu zituen agentzia berbera), hedabideak eta epaileak, bat eginik kremailera bat bezala. Titular politak.
Puntu honetara helduta, zein arrazoi izan dezake inork sinesteko epaile batek txosten polizialen ondorioetan oinarrituz atera duen inputazio autoa (bertako esaldi biribilak)? Egunkaria itxi eta zazpi urtera, 2010ean Gómez Bermúdez epaileak adierazi zuen jada: euskal prentsa ixteko erabakia giro politikoaren arabera hartu zen. Kalteak handiak, kalte-ordainak birtualak. Auzi horietan ere garbitu al dira egiturak eta argitu erantzukizunak? Hamaika urte igarota, Espainiako Justizian ura bere bidean.
Montesquieu frantsesak hirutasun bati heldu zion 1748an. Ilustrazioren erdian, botere banaketa proposatu zuen estatua antolatzeko, Legeen espirituaz idazlanean: botere legegilea, betearazlea eta judiziala. Aldiz, Espainian, banaketa hori estatuaren oinarri baino gehiago, ez ote den lelo. Horregatik, gurea behar dugu Euskal Herrian, dekoloniala. Ekainaren 8tik 16ra, beste auzi bat dator, euskal heterodoxoak jomugan jarrita: Berangoko ongietorriaren auzian, hamasei dira auzipetuak, terrorismoaren gorazarrea leporatuta. Heresia, beraz, injustizia. Montesquieu baino gehiago, errezeloa dut ez ote datorren Hirutasun Santua. Hiru pertsona, Jainko bakar bat: estatua. Besarkada bat eta elkartasuna haiei.

