Gutuna: 'Zorionak Lakaxita, iraultza txikien lorategia'
Irundar talde batek honako gutuna bidali du HITZAra. Jarraian, hitzez hitz, hasiek esandakoa ‘Zorionak Lakaxita, iraultza txikien lorategia’ izenburuko iritzian.
“Lakaxita etxe txiki okupatua da. Sorgindua eta xarmanta beraz. Duela hemeretzi urtez, Jaion baliatuz ateari ostikoa eman ziotenek eta ordutik bertatik igaro garenok harri xume bana jarri dugu mundu hobeagorantz doan bidean. Zeren aurka zauden baino, gehiago zer egiteko prest? leloa gurea egin dugu hasieratik.
2005ko apirileko larunbat batean, musikaz, lagunez eta alaitasunaz lagundurik etxean sartu zirenek Lakaxita loaldi luze batetik esnarazi zuten. Espazio iluna eta zikina argitu eta garbitu egin zuten gazteek. Inguruko bazterretan zabor kutsakorra aurkitu zuten. Hori ere garbitu ondoren lorategi ederra agertu zen. Udaberria berriro loratzeari bidea eman zion okupazioak. Eremua txukundu eta edertu egin zen elkarlanean. Baratzea ere agertu zen lanaren poderioz.
Autogestioaren ametsa ekinez gauzatzen da. Hutsik dagoen lekua erortzen utzi ordez, bigarren bizitza ematen zaio auzolanaren bidez. Bilkurak kudeatzen du eremua. Erabakiak era horizontalean hartuz edonor bihur daiteke lekuaren jabe. Sormenak hiriaren kultura aberasten du. Asanblada burujabeak herria ahalduntzen du.
Erabileraren balioa, trukearen balioaren gainetik. Kudeaketa zuzena, demokrazia ordezkatzaileen ordez. Kolektiboaren magia feminista, norberekoikeriaren lekuan. Pertsonak eta beste izakiak zainduz bioaniztasunarekin bat eginez, IRAULTZA hizki larriz baino, maitasun keinu txikiez idazten dugu Lakaxitan.
Ederra bidea eta oparoa emaitza. Sortuko den eskaintza kulturala (musika, antzerkia, hitzaldiak, tailerrak, egitasmo kooperatiboen sorrera, migrantei harrera..) Irungo hiritar guztien gozamenerako izango da. Musu-truk. Okupazioaren bitartez ondasun komunitarioa itzultzen zaio herriari.
Lakaxitatik jaurtitako txinparta inguruko eremuetara zabalduko balitz, Irun hiri koloretsuagoa izango litzatekeelakoan gaude. Tamalez, Irungo Udalak ez du aintzat hartzen Lakaxitaren eredua. Hirigintza planean Lakaxita eta inguruko eremu berde zabala, Irun erdian dagoen bakarra, etxez eta porlanez estali nahi dute.
Bertan bizi diren aranondoak, sagarrondoak, udareondoa, gereziondoak, limoiondoak, intxaurrondo, gaztainondo, urritza eta lizarrak besteen artean, belarrak, sastrakak, xomorroak, txoriak, narrastiak, ugaztunak…; usainak, formak, koloreak, egunsentiak eta ilunabarrak, zementorio bilakatu nahi dituzte. Zentzumenak eta adimena pizten dituzten bazterrak espetxe sentsorial bilakatu nahi dituzte. Etxebizitzak behar direlako. Hutsik daudenak eta erortzen uzten direnak, baserriak barne, birgaitu eta erabilgarri jarri beharrean.
Lakaxitak eta inguruak osatzen duten berdegune aberatsa Irungo hiritarren gozamenerako izan dadila galdegiten dugu. Hesiturak kenduz eta Lakaxitaren eredua jarraituz, herritarren esku utzi eta enpresa eraikitzaileen usurpaziotik libratu. Paisaian memoria dagoelako marraztua. Berdeguneak eta arnasguneak ere guztion bizileku direlako. Bat egin dezagun emakumeak nagusiak izan ziren lur amankomunen aldeko borroka historikoarekin”.
Maria Huarte Trabadelo, Oihana Galardi Ogalla, Mikel Valero Alzaga, Ione Fernandez Zabaleta, Unai Etxabe Martin, Beatriz Arana Ortiz, Alazne Eizagirre Iparragirre, Enara Iruretagoiena Dominguez, Dornaku Lanz Solis, Mayi Lecuona Artola, Miren Lanz Solbes, Beatriz Umbon Arias, Claudia Romero Saavedra, Oihana Llorente Arretxea. Irun.