'Besteak' dira jada
Dagokidan zutabea idazten hasi aurretik, hedabideetan sartzeko ohitura erabat errotua dut. Halaxe egin dut gaurkoan ere (astelehen gaua da). «Sarduik barkamena eskatu du genero diskriminazioagatik eginiko adierazpenengatik», jartzen du Berria egunkariaren bertsio digitalean. Aitortzen dizuet Hondarribia nuela buruan, baina egiari zor, biak bat datoz (27 urteren ostean).
Bat gehiago izateko nahia eta aukera zituen aurten, irailaren 8an Jaizkibel konpainiak lehen aldiz udalaren baimenarekin desfilatu du. Instituzio eta legearen aitzinean besteen pare. Besteek, ordea, adosturikoak eta aurreikusitakoak zapaldu eta plantoia ematea erabaki zuten.
Gutxi batzuek erabaki eta beste askok (oso gutxi batzuk izan ezik, ez dira hogeira iritsi) amen egin zuten. Besteekin parte hartzen duen pertsona batek azaldu zidanez, «konfiantza eskatu ziguten». «Eta zuek itsu-itsuan atzetik erantzun», nion nik. Une batez pentsatu ere egin gabe, amen. Dena, tradizioaren izenean. Denak balio du besteentzat, tradizioaren izenean. Baita eskuineko urraketak ere. «Niri berdin zait, emakumeen parte hartzearen alde nago», diote, horren aldeko keinu ñimiñorik egin ere egin gabe.
Erraza zuten bada aurtengoan. Pentsa, zenbaterainokoa zen besteen ezinegona, ordu tradizionalari ere muzin egin zioten, beti ere eta batez ere pototarik gabeko desfilea egitearren.
Ez dira ohartu, baina Besteak direla dagoeneko. Beren aburuz gehiengoaren izenean defendaezina defendatzen ari badira ere, jada ez dira gehiengo. Ez zaiteztela tronpatu. Gehiengoa konponbidearen aldekoa da, emakumeen eta giza eskubide ororen aldekoa da. Eta nola ez, jaiak pozik eta alai bizitzearen aldekoa da.
Alex Sardui ere, beste bilakatu da niretzat. Barkamena eskatu du, ados, baina ez gaude mezan. Eta eskubideak ez dira txantxetarako txanpon. Eldiario.es egunkari digitalak hari eginiko elkarrizketa entzun daiteke sarean. Argi eta garbi entzuten eta irakurtzen da bideoan bertan nola harritzen den kazetaria Sarduik musikagintzan genero arrakalarik ez dagoela esaten duenean, berriz ere galdetu egiten baitio. Eta berriz ere erantzun bera berresten du Sarduik.
Eskerrak oraingoan ere 150 emakumek ahotsa altxatu duten ausarki.