Gutuna: "CAF ispiluan: etika, enplegua eta aberastasunaren banaketa"
CAFeko LABen Irungo eta Beasaingo ordezkariek berriki argitaratutako gutuna helarazi diote HITZAri. Hilaren 13an, CAFeko Administrazio Kontseilua deitu dute, eta bertan ez parte hartzearen arrazoiak azaldu dituzte.
Hona hemen, CAFeko LABen ordezkariek idatzitako gutuna, hitzez hitz.
CAFek emaitza errekorrez eta bere historiako dibidendu handienaz harro egiten duen bitartean, langileak erabaki-gune guztietatik kanpo jarraitzen dugu. Enpresak bere ustezko arrakasta ekonomikoaren ispiluari begiratzen dio, baina saihestu egiten du deslokalizazioak, prekarizazioak eta etikaren kontrako proiektuek osatzen duten irudi deserosoa.
Datorren ekainaren 13an, CAFeko Administrazio Kontseilua berriro bilduko da Beasainen. Eta, beste behin ere, langileok ez gara bertan egongo, akziodun izan arren. Enpresaren erabaki estrategikoak hartzen diren foro guztietatik kanpo jarraitzen dugu, ahotsik eta botorik gabe.
Zuzendaritzak, bere ohiko diskurtso handiustearekin, CAFen historiako dibidendu-banaketarik handiena berretsiko du: 52 milioi eurotik gora akziodunen artean. Horietatik, 12 milioi inguru langileen zati bati egokituko zaizkio akzio-parte hartze planaren bidez. Baina parte hartze horrek ez du inolako eraginik enpresaren estrategia industrialean. Langileon ordezkaritza edozein erabaki forotik kanpo dago, eta gure eragin gune bakarra presio sindikala da.
Behinola sustrai sendoak zituen enpresa honek, pixkanaka, multinazional arrunt baten jokabidea hartu du: lanak herrialde low costetara kanporatuz, filial, hornitzaile eta azpikontratetan prekarietatea zabaltzen, eta zalantzarik egin gabe Jerusalemgo tranbia bezalako proiektuetan parte hartuz.
CAFek kalitatezko enplegua bermatu behar du Euskal Herrian. Alferrik dira diskurtso puztuak eta makro-datu ikusgarriak, baldin eta aberastasunaren banaketa eta hemen sortutako lan duina ez badituzte bermatzen. Eta ez dira baliozkoak emaitza ekonomikoak, baldin eta eskaera-zorro horren zati bat etika eta giza eskubideen kontrako proiektuetan oinarritzen bada. LABek, beste behin, zuzendaritzari eskatzen dio eten ditzala estatu Israeldarrarekin dituen harreman kontraktualak.
Hala ere, CAFen inguruan sortutako zaratak beste errealitate batzuk ezkutatzen ditu: Goierrin fabrikatutako autobusak Israelgo kolono eta militarrei zerbitzua ematen; hemen bertan eraikitako gerra-ontzien propultsio sistemak; edo Ekialde Hurbilean armada kolonialek erabiltzen duten armamentuaren zati bat, euskal enpresetan ekoiztua. CAFeko tranbiek, askoren lotsak estaltzen dituzte.
Hau ez da CAFen arazo esklusiboa, eta are gutxiago bere langileena. Instituzioek eta patronalak amaiera jarri behar diete Estatu sionistarekin dituzten harreman komertzialei, eta lehenik eta behin material militarra eta kolonizazioa elikatzeko erabiltzen diren bestelako tresnak hornitzeari utzi egin behar diote.
CAFek 5.000 langile baino gehiago ditu Euskal Herrian, eta LAB da gaur egun taldeko indar sindikal nagusia. Ardura horretatik, zuzendaritza interpelatzen dugu: hau izan dadila langileen parte-hartzerik gabeko azken Administrazio Kontseilua. Langileok ahotsa eta botoa eskatzen ditugu enpresaren erabaki estrategikoetan. Horrela bakarrik bideratu ahal izango dugu benetako norabide-aldaketa bat: kalitatezko enplegua, aberastasunaren banaketa bidezkoa eta etika korporatibo irmoa lehenetsiko dituena, negozioa edozein preziotan egiteari uko eginez.
Sinatzaileak: Iban Clemente Martin (LABeko ordezkaria CAF irungo egoitzan) eta Aitor Martinez Barayazarra (LABeko ordezkaria CAF Beasaingo egoitzan).

