Gutuna: "Bidasoaldeko 'kontu zaharra'"
Itziar Iridoi Iruretagoienak gutuna bidali dio HITZAri. Aitari "omenalditxoa" egin nahi izan dio.
Hona Itziar Iridoik HITZAri bidali dion gutuna (hitzez hitz): ‘Bidasoaldeko kontu zaharra’:
Nere atta aurten joan zaigula eta, berari omenalditxo modura kontakizun hau
dihoakizue. Bidasoladeko kontu asko kontatzen zizkigun, baita Fernando
Amezketarrerenak ere, eta baten bat gogoan dudanez…
Dakizuen bezala, hemengo gerra zibila bigarren gerra mundiala baina lehenago
izan zen. Hala ere, Frantzian eta Euskal Herriko iparraldean, berehala izan
zuten ogi goxoa, eta hemen berriz denbora luzean gorriak pasatzen jarraitu
zuten. Horregatik ogi bila joan behar izaten zuten beste aldera, hemen ez
baitzegoen.
Gure familian horren ardura nere attak zuen, eta mutil koskorra zela berak
dioenez familia guztietatik baten bat joan behar izaten zuen ogi bila. Horrela,
barkua hartu eta beste aldera pasa ondoren, ogia erosi eta guardiek ikusteko
eta ogia kentzeko arrriskupean egin behar izaten zuten hau guztia.
Behin, bere lehengusu Gillermoren bataioa zela eta, osabak bataiorako ogi
mordoa ekartzeko agindu zion:
– Felix, hua Frantzira ogiya erostera
Normalean, barkuan auzo desberdinetako mutilak joaten ziren, eta egun
horretan ere, batzuk portuan, besteak puntalean eta abar jeitsi omen ziren.
Nere atta puntalean jeitsi zen, eta hara non eta han “Coyote” deitzen zioten
guardiak arto tartetik atera eta ikusi egin zuen, eta ogi guztia kendu egin zion!
Ze nolako bataioa izango zuten haiek, batere ogirik gabe!