Txirrin madarikatua
Sutea izan da Hondarribiko Ramon Iribarren pasealekuko 24. etxean, Hondartza auzoan.
Suhiltzaileak, ertzainak eta udaltzainak bertaratu dira
Sutea izan da Hondarribiko Ramon Iribarren pasealekuko 24. etxean, Hondartza auzoan. Gehiagorako izan zitekeen, baina ez du zauriturik ezta kalte handirik eragin. Hori bai, gertatu den moduagatik, kasik sinestezina izan da. Atezain automatikoaren makinak hartu du sua, berez, lurrera erori da eta atearen kontra jo. Ondorioz, etxeko ataria hasi da erretzen.
Gertatutakoz ohartu direnean, bizilagunek Bidasoko suhiltzaileei abisua pasa diete eta hiru kamioi gerturatu dira, udaltzain eta ertzainekin batera. Berehala itzali dute sua suhiltzaileek, udaltzainak eta ertzainak trafikoa zaintzen aritu diren bitartean.
Dudarik gabe, zorte txarreko gertakaria izan da, baina baita zorionekoa ere; izan ere, gauez gertatu izan balitz eta inor garaiz ez balitz konturatu, sutea zabaltzeko aukera handia izango litzateke.
Asteko bigarren gertakari txikia izan da Hondarribian. Asteazken arratsaldean
lur orotako ibilgailu bat badiara jauzi zen, txalupa bat uretan utzi eta gero arrapalan irristatuta.