Bidasoa Irunek ezin hobe hasi du Asobal Liga, eta ostiralean berriro erakutsi zuten sasoiko daudela Valladolid menpean hartu ondoren (31-27).
Imanol Pachecok (Oiartzun, 1979) bere loradendan egiten du lan, baina duela hiru urtetik argazkilaritza du zaletasun. Super Foto Digital aldizkariak antolatutako lehiaketan bigarren saria eskuratu berri du, eta azken horrek ekarri duenaz eta bere zaletasunaz hitz egin du Hitza-rekin Errenteria-Oreretan bizi den oiartzuarrak. Zer da Book Super Foto Digital lehiaketa? Super Foto Digital aldizkari espezializatuak antolatzen du lehiaketa hori. Aldizkaria Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan banatzen dute, eta lehiaketan parte hartzeko baldintza bakarra hilabetean bi argazki baino gehiago ez bidaltzea da. Otsailean hasi eta azaroan amaitzen da lehiaketa, eta ia urte osokoa izanik, argazki ikaragarri pila jasotzen dituzte. Ematen dituzten sariak, berriz, interesgarriak dira oso: lehenengo hirurek, 3.000, 1.800 eta 1.200 euroko saria jasotzen dute, hurrenez hurren. Nik bigarrena jaso dut. Horrekin batera akzesitak ere badituzte. Zerk eraman zintuen bertan parte hartzera? Bertan parte hartzen nuen lehenengo aldia izan da, eta bi argazki bidali nituen lehiaketarako. Joan den urte hasieran bidaia egin nuen Senegalera gobernuz kanpoko erakunde batekin, eta bertan egindako argazkiak asko gustatu zitzaizkidan. Lehiaketa horretan parte hartzea, bidaiari nolabaiteko jarraipena emateko modua iruditu zitzaidan. Nolakoa da saritutako argazkia? Senegalen egindako txango batean Dindefelo ur-jauziaren azpian, bertako mutil pare batekin egin genuen topo. Oso atseginak ziren, eta naturaltasun [...]