Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlana aurkeztuko hilaren 23an (igandean) Ados Teatrok, Errenteria Hiria Kulturgunean. Estreinaldiaren aurretik, ordea, herritarrek aukera izango dute lan horren sormen prozesuaren nondik norakoak ezagutzeko. Bi saio izango dira: bihar eta hurrengo astean.
Hirugarren aldiz antolatu du EHGAMek gazteen literatur lehiaketa, eta dagoeneko jakinarazi du zeintzuk diren aurtengo irabazleak. Sari guztiak atzerrira joan dira. 16-18 urte artekoen mailan, Carlos Catena Cozar jaendarra (Andaluzia, Espainia) nagusitu da, eta bigarren Jazline de la Caridad Chavez Quian kubatarra izan da. 18-25 urtekoen mailako sariak Espainiara joan dira: Pamela Fernandez Tovarrek lortu du lehen saria, eta Roberto Carro Vazquezek bigarrena. Guztira, hamazazpi narrazio aurkeztu dituzte, eta sei Euskal Herrikoak izan dira; horietatik hiru lan baino ez dira izan euskaraz. Atzoko Giza Eskubideen Egunean bertan jakinarazi zuten zeintzuk ziren saridunak, baina denak kanpotarrak direnez, ezin izan zizkieten eskura eman. Hala ere, postaz bidaliko dizkiete irabazleei 300 euroko saria, eta bigarren geratu direnei 150 eurokoa, materialean. Ekitaldian izan ziren atzo Irune Balentziaga Kultura zinegotzia, Unai Unsuain Gazteria zinegotzia eta Mikel Martin EHGAMeko kidea. Martinek azaldu duenez, Madelon izena Xanti Altxu zenarengatik jarri diote, EHGAMen sortzailea izan zelako, eta bera izan zelako Euskal Herrian gay, lesbiana eta transexualen aldeko aldarrikapenen alde agertu zen lehenengoetakoa. “Ikuspegi ironikoa” saritu Epaimahaiaren arabera, narrazio askotan “ikuspegi tragikoa” landu dute, eta zentzu horretan, kontrakoa, “ikuspegi ironikoa eta jolasa” saritu dituzte. Joxe Mari Carrere epaimahaiko kideak zehaztu zuen batik bat transexualitatea azaltzen zuten lanek izan dutela [...]