Jaizkibel mendian, Munttarreko zelaian, indusketa arkeologikoak egiten hasi dira, aintzinako herrixkarik bazegoen jakiteko. Xabier Alberdi indusketen arduradunak azaldu duenez, oraingoz aztarnak aurkitu dituzte, hiru arotakoak: Erromatarren garaikoa, Burdin Arokoa eta, agian, Paleolitokoak (10.000 urte baino gehiago lituzketenak). Hiru geruza “argi” daudela ziurtatu du. Orain dela bi urte lehenengo hartu zituzten Munttar zelaian lehenengo laginak. Alberdik azaldu duenez, hainbat faktorek bultzatzen dituzte arkeologoak lagin horiek hartzera: “Datu historikoak daude, alde batetik. Meatzerik edo iturririk baldin badago, normala zen ondoan populazioa egotea, urteetan zenbat eta atzerago egin, naturari lotuago zegoen gizakia. Toponimiak ere pisu handia du, eta geografiak ere”. Munttarren kasuan, gailurrean dagoen ordeka izanagatik, eta babes naturalak edukitzeagatik, aukera handiak zituen aurkikuntza bat egiteko. Hala ere, batzuetan susmo horiek ez dira egi bihurtzen, baina ez da Jaizkibelen kasua izan. Horrela, iaz, Foru Aldundiari baimena eskatu zioten indusketak egiten hasteko, laginean hiru geruza aurkitu zituztelako. Indusketa proiektu hori Lezoko Udalean ere aurkeztu zuten, eta elkarlanerako hitzarmena sinatu zute. “Ea hitzarmen horrek emaitza onak ematen dituen”, espero du Alberdik. Orain arte emandako fruituak, behintzat, onak izan dira. Harrizko perimetro bat aurkitu dute Munttarren, eta etxola baten zola izan litekeena ere. Horrez gain, aro ezberdinetako hainbat lanabes eta ontzi aurkitu dituzte bertan. Batez ere [...]