Herri Musikaren Txokoak eta Oiasso museoak elkarlanean, Erromatarren eta baskoi haien musikaren inguruan izeneko jardunaldiak egingo dituzte Oiartzunen zein Irunen. Dies Oiassonis Jaialdi Erromatarraren baitan antolatu dituzte hilaren 15ean eta 16an egingo dituzten jardunaldiak.
Antolatzaileek aitortu dutenez, erromatarren eta baskoien garaira hurbiltzea “zaila” da, “ohiko gaia ez delako”. Hala ere, “erronka polita” dela diote.
Horrela, datorren ostiralean eta larunbatean egingo diren jardunaldietan garai hartan egiten zuten musika ikuspuntu antropologikotik eta historikotik aztertzea izango da helburua. Horrela, erromatarrek Euskal Herrira ekarri zuten musika, baskoien musikan helburua, erabiltzen zituzten musika tresnak zein beste hainbat gai jorratuko dituzte mahai inguru eta mintegietan.
Horretarako herri musika aztertzen esperientzia duten hainbat aditu izango dira Oiartzunen eta Irunen (tartean Juan Mari Beltran oiartzuarra).
Bi mintegietan parte hartzeko sei euro ordaindu behar dira. Bertan izena eman nahi dutenek
Oiasso Museoaren webguneko eskuorria jaitsi behar da, eta museora edo Herri Musikaren Txokora bidali behar dute. Bestela, 943 63 93 53 edo 943 49 35 78 telefono zenbakietara dei daiteke. Internet bidez izena eman nahi izanez gero, datuak info-oiassomuseo@irun.org edo herrimusika@herrimusika.org helbideetara bidal daitezke datuak.
Kontzertuak eta otorduak
Larunbatean Oiartzunen egingo dituzte ekitaldiak. Goizean, Herri Musikaren Txokoan tailerrak egingo dituzte eta, ondoren, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, Arditurrin, kontzertua eskainiko dute euskaldunek zein italiarrek, eta ondoren afaria egingo dute (18 euro balio ditu).
Egitaraua
Uztailak 15
- 10:00etan. Aurkezpen ekitaldia Oiasso Museoan, Mertxe Urteagaren eskutik.
- Jarraian. Mintegia: Daniel Garcia (Iberiar penintsula iparraldean ustez erabiltzen ziren instrumentuez ariko da); Ludi Scaenici taldea: Daniele Ercoli, gaetano Delfini, Roberto Stanco, Cristina Majnero (erromatar garaiko musika jorratuko dute) eta Juan Mari Beltran (garai hartako balizko melodiez hitz egingo du).
- 14:00etan. Bazkaria.
- 16:00etan. Mahai ingurua. Moderatzailea: Juan Mari Beltran.
Uztailak 16
- 11:00etan. Erromatarren garaiko instrumentuen tailerra, Herri Musikaren Txokoan.
- 14:30ean. Bazkaria.
- 20:00etan. Kontzertua Arditurrin. Oiassoko baskoiak: Ander Barrenetxea Aitor Beltran, Aitor Gabilondo eta Juan Mari Beltran. Garai hartako soinuak aurkeztuko dituzte: irrintziak, adarrak, txalaparta, xirula-ttunttuna… Ludi Scaenici Erromako taldeak ere soinu erromatarrekin kontzertua eskainiko du.
- 22:00etan. Herri afaria eta jaialdia.