Zergatik 'antzarak ferratu', 'bolari' izanda?

Hondarbiko hizkera transmititzeko proiektu berri bat aurkeztu du Hondarribiko Udalak, AEKrekin eta Blaganekin batera: Guazemizia. Transmisiorako ttoparak antolatzea dute helburu.

Hondarribiko zenbat gaztek jakingo dute zer den bolari? Akaso askotan ponpoiuanak arittu dituzte, eta ez dakite? Hondarribiko hizkerarekin hazi diren gazteak badira herrian, haien gurasoen eta aiton-amonen eskutik jasotakoa egin dute bere. Baina beste hainbatek, euskara eskolan ikasiz eta etxean batuan eginez, ez dute aukerarik izan herriko ondare immaterial hori jasotzeko. Batua gailendu da gazte belaunaldietan, beti ere, kontuan hartuta euskararen erabilera beherakada betean dagoela Hondarribian. Beraz, euskara gutxi, eta era berean, gutxi hori, batuaz. Hutsune argi bat du Hondarribiko hizkerak bertan, eta udalak, hori jakinda, proiektu berri bat aurkeztu du azken asteotan: Guazemizia.

Aurrera jarraitu baino lehen, eta interesa piztu zaien horientzat, bolari «pikutara bidali» moduan deskribatzen du Ketxus Poncek bere Hondarbiko hitzak Facebook-eko atalean, eta «errieta galanta» da ponpoiuanak arittu.

Udalak argi du Guazemiziaren helburua ez dela Hondarribiko hitzen eta esamoldeen liburu bat egitea, eta segur aski gero bilduma hori liburutegi batean amaitzea, hauts bilduma bihurtuz. «Herritarren artean duguna ezagutaraztea da helburua. Hondarribiko hizkeraren hainbat hitz paperean jasota ditugu, baina jada ez dira erabiltzen. Berreskuratzeko apustua da hau, herriaren identitatean eragitekoa», azaldu du Ander Moron udaleko Euskara teknikariak. Blagan euskara taldearen proposamen batetik abiatuta sortu dute proiektua, Blaganek Hondarribiko hizkeraren aldeko zerbait eskatu baitzuen udalean. Zerbait hori moldatu, bidea antolatu, eta aurrera doaz orain.

Lehiaketa bidez erabaki da Guazemiziako proiektua nork dinamizatuko duen. «AEK-k kudeatuko du proiektua. Gainera, zortea dugu, herriko bi neska gaztek hartu dutelako ardura», azaldu du Moronek. Uxue Kriado Nieto eta Anitz Zapirain Antoñana izango dira proiektua dinamizatuko duten AEK-ko kideak. Bidearen hasieran daude oraingoz, eta bilketa prozesuan murgilduta daude. «Baditugu hainbat aditu herrian, gaia landu dutenak, eta Hondarribiko hitzen bilduma ederrak egin dituztenak. Hala nola Txomin Sagarzazu, Ketxus Ponce edota Saioa Zabala. Material hori sailkatzen ari gara orain, lanak aztertzen», azaldu du Zapirainek.

Transmisioa da oinarria, hau da, Hondarribiko hizkera erabiltzen duten pertsonak eta hura ikasi nahi dutenak elkartu, eta erabilera handitzea. Horretarako, ttoparak antolatuko dituzte. «Proiektuaren muina izango dira ttoparak. Herriaren parte hartzea bilatuko dugu bertan. Horretarako ari gara materiala gaika sailkatzen, bakoitzak bere buruarekin identifikatzen dituen gaiak ikus ditzan. Izan daiteke arrantza munduko gaiak, baina baita sentimenduak azaltzeko erak ere», gehitu du Kriadok. Hizkera ikasi nahi duen jendea ttoparetara hurbiltzeko gonbita egiten dute, baina baita haien jakinduria partekatu nahi dutenak ere, hau da, Hondarribiko hizkeran bizi direnak. Urtarrilaren 30ean egingo dute «lemixiko ttopara», baina ez da bakarra izango, hiru egitea da lehen helburua.

Moronek argi du beste herri askotan bezala herriko jendeak lotsa edo halakoak sentitu dituela haien hizkeran hitz egiterakoan, askotan «gutxietsia» sentituz. «Bazterreko euskara egiten dutelakoan dira asko, euskara batutik apartekoa dena. Badira euskaraz egiten ez dutenak, haien hizkeran egiterakoan askok esan dietelako ez dituztela ulertzen. Hori gainditu beharra dugu». Euskara batua tresna moduan sortu zen, baina euskarak dituen euskalkien aberastasunak hizkuntza bera handitzen du askoren ustetan. Hori ez ezik, herri izaera eta identitatea eraikitzeko aparteko oinarriak dira bertako hitzak, bertan sortutakoak, erabilitakoak eta gaur egun, asko, desagertutakoak. 

Sare sozialetan

Oraingoz Instagram bidez hasi dira mugitzen. «Ikusi dugu jendeak gogo handia duela proiektu honetarako. Ez dakit identitate kontua den edo, baina hondarribiarra izanik, hondarribiarrez hitz egin nahi dute askok», esan du Zapirainek. Hainbat bideo igo dituzte sare sozialera, herriko gazteak eta helduak elkarrizketatuz, kalean, Hondarribiko hizkerari buruzko galderak eginez. 

«Nola bidaliko zenuke haizea hartzera norbait?», galdetu dute elkarrizketetan, besteak beste. Gehienen erantzuna gaztelerara joatea izan da, ipurdia oinarri duen esamolde famatuarekin, eta inork ez du adierazi bolari hitza ezagutzen duenik. «Gazteentzat agian erabilgarriak edo deigarriak izan daitezke haserrea adierazteko herrian ditugun erak. Horregatik sailkatzen ditugu adituek bere garaian bildutako materialak; ikas dezagun interesatzen zaiguna», azaldu du Hondarribiko Udaleko teknikariak.

Ttopara horietan hizkerarekin jolastea proposatzen dute AEK-ko bi kideek. «Herritarrekin batera, ikusiko dugu zer da nahi duguna, zein interes duen jendeak», azaldu du Kriadok. Argi dute ez dituztela elkargune horiek hitzordu aspergarri batean bihurtu nahi, soilik entzuteko eta apunteak hartzeko izaten diren hitzaldiak bezalakoak. Denen arteko jarduera bezala planteatzen dituzte, parte hartzaileak, baina baita dinamikoak ere. Hori ez ezik, lehenagotik jendeak parte hartu nahiko balu, haien iradokizunak gehituz, sare sozialen bidez egin dezakete kontaktua, hitz eta esamoldeak proposatzeko, edo proiektuaren inguruko ideiak gehitzeko, besteak beste. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.