«Loidi beka irabaztea akuilua izan da, pozik nago lortutakoarekin»
2025ean, Jose Antonio Loidi beka irabazi zuen 'Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen historia soziala (1900-1936)' lanarekin. Abenduaren 2an aurkeztuko du.
Euskara eta baserria euskal kulturaren berezko elementuak dira. Bi elementu horiek harreman zuzena dute, landa eremuan euskara nagusi izan baita. Beñat Muguruza irundarrak egungo euskararen egoera ikertu beharrean atzera egin du; XX. mende hasierara, hain zuzen. Euskararen fade-outa Irunen. Irungo euskararen egoera (1900-1936) ikerketa-lana ondu du irundarrak, 2025eko Juan Antonio Loidi beka irabazi ostean. Saria duela urtebete jaso bazuen ere, lanaren aurkezpena datorren asteazkenean, abenduak 2, izango da CBAn, 18:00etan hasita.
Loidi beka irabazita, gustura?
Iaz irabazi nuen, buruan nuen gai bat zen, eta pozik nago lortutakoarekin. Azken urteetan asko irakurri dut proiektuari forma ematen hasteko, eta beka eman zidatenean poza sentitu nuen. Azken batean, horrek aukera eman dit lana benetan gauzatzeko. Beka irabaztea niretzat akuilu bat izan da, epe jakin batek behartzen zaituelako hori denbora zehatz batean egiteko, edo zerbait entregatzeko. Gaia erakargarria izan daitekeela uste nuen, eta zerbait balekoa eta txukuna entregatuz gero, banekien beka irabazteko aukerak izango nituela.
Zer kontatu nahi izan duzu ikerketa lan honetan?
Jakina da Irun XIX. mendean erdalduntzen hasi zela. Ikusi nahi nuen XX. mende hasieran nola gertatu zen hori; zehazki, XX. mendearen lehen herenean. Euskararen beherakadaren jarraipena kontatu nahi nuen. Jakina da nola eta zergatik izan zen, baina hori kontatu nahi nuen modu jakingarri eta entretenigarri batean. Hori egiten saiatu naiz.
Gauza politak aurkitu ditut. Askotan galdetu izan didate ea ondorio nagusia zein den; nik uste dut denok dakigula: euskarak behera egin zuela. Debekuak, euskara abandonatzera behartzea, eskola erdaldunak eta migrazio mugimenduak izan ziren XIX. mendean aduanek, burdinbideek eta trenek eraginda, besteak beste. Ondorio nagusiak horiek dira, jakinak direnak. Halako izpi batzuk ikusi ditut irakurri ditudan lan askotan, eta horregatik ikusi ditut lan asko istorio hori hobeto lotzen lagundu didatenak.
Zeintzuk izan dira ikerketa lana idazteko erabili dituzun informazio iturriak?
Agian atzerago joan beharko nuke erdalduntzearen iturburua edo jatorria jakiteko, baina XX. mende hasiera ikertu dut. Pentsatzen nuen oraindik bizirik dauden adinekoak elkarrizketatzean, guraso irundarrak zituztenak, lortuko nuela iristea 1910eko eta 1920ko hamarkadetara. Haiekin hitz eginda, eta haien aiton-amonei buruzko galderak egiten. Guztira zortzi lagun elkarrizketatu ditut Bidasokoak, Meakakoak, Olaberriakoak eta Landetxakoak, eta konturatu nintzen zaila zela atzera egitea modu horretan.
Denboran atzera egitea zaila izan dela esan duzu. Zergatik?
Oso zaila da 80 urtetik gorako jendea aurkitzea irundar, euskaldun zahar, familia euskaldunekoak eta Erdigunean jaiotakoak direnak. Ez dakit profil hori existitzen ote den. Txomin Sagarzazu hondarribiarrak 2001ean arazo berbera izan zuen. Gloria Larrañaga Aizpururi elkarrizketa bat egin nion, 97 urte zituela. Emakumea 1927an Kale Nagusian jaio zen, guraso irundar euskaldunak zituen, baina ez zuen inoiz euskaraz hitz egin. Ez zuen hitz bat bera ere egiten, ez zuen euskararen gaineko txikitako oroitzapenik, gurasoak euskaldunak izan arren.
Profilak topatzeaz aparte, zailtasun handiena denboran atzera joatea izan da. 1936ko gerrak sekulako eten bat markatu zuen. Gogoratzen dituzten kontakizunak, bizipenak eta anekdotak beren aiton-amonek gerrarekin izan zituztenak dira. Nik, ordea, atzeragoko urteei buruz hitz egin nahi nuen, baina ez zegoen modurik. Normala iruditzen zait, denok baitakigu horrek zer suposatu zuen. Horregatik, elkarrizketetan zentratzea baino, garaiko irakurgaietan zentratu nintzen.
Aurkezpena asteazkenean duzu, zein egoeratan dago proiektua?
Udalak argitaratzeko proposamena egin zidan, baina nik uste dut bueltak eman behar dizkiodala, beste egosaldi bat behar du lanak. Batetik, gauza asko irakurri ditut eta ohar pila bat ditut irakurtzeke. Gainera, ohar horietako batzuk interesgarriak direla uste dut, eta merezi du horiek bertan sartzea. Eta bestetik, irakurtzeko ditudan irakurgaien zerrenda amaigabe bat dut, ez dut horiek irakurtzeko astirik izan. Segur naiz horiek irakurrita beste irakurgai batzuk azalduko direla, eta nik uste dut lanak baduela sakontzeko eta garatzeko puntu hori.
Zein da euskararen egoera Irunen?
Inguruneak asko markatzen du. Euskaldunek bere bizitzaren parte handi bat euskaraz egiteko aukera dute, militantzia sutsurik izan gabe. Baina aldi berean egoera etsigarria da, nekagarria. Zure zirkulutik ateratzen zaren bakoitzean konturatzen zara euskara basamortu bat dela. Nik, ordea, oso modu naturalean bizi dut Irunen euskara hutsean bizitzea.
Azken hamarkadetan euskara biziberritzeko aktibo nagusia izan da eskola, adibide paradigmatikoa da. Garai hartan kontrakoa zen; haur euskaldunak erdalduntzeko makina zen. Duela 100 urteko pertsona batek bere herrian euskara desagertuko zela imajinatuko luke. Gaur egun ezin dut imajinatu euskara belaunaldi batean desagertuko denik Irunen.

