Gabonetako argien pizte ekitaldiak eragina izango du trafikoan
Bihar, hilak 28, gabonetako argiak piztuko dituzte 19:00etan; hori dela eta, 18:45etik 20:00etara trafikoan aldaketak egongo dira.
Abenduan sartu aurretik piztuko dituzte gabonetako argiak Irunen. Bihar, hilak 28, 19:00etan San Juan plazan argien pizte ekitaldia egingo dute, eta San Vicente de Pauleko haurrek botoia sakatzeko ardura izango dute. 18:15ean hasita, Gabonetako Etxetik kalejira bat abiatuko dute udaletxerantz, eta bertan Gabon zaindariaren lagunen aurkezpena egingo dute. Ekitaldian bertan, Izarok gabon kanten kontzertua eskainiko du. Ondoren, San Juan plazatik Zabaltza plazara arteko kalejira egingo dute.
Ekitaldiak Kolon pasealekuan eraginak izango ditu, 18:45etik 20:00etara trafikoa etenda egongo baita. Desfilea Zabaltza plazara iristean zirkulazioa berrezarriko dute. Kolon pasealekuaz gain, Arbelaiz jauregiaren parean trafikoa moztuko dute, 18:45etik 19:30era. Tarte horretan, ezingo dute Iparralde hiribidetik, Aldapeta kaletik, Nafarroa hiribidetik edota San Martzial kaletik Kolon pasealekura sartu. Gauzak horrela, Joaquin Gamon kaleko bizilagunei Luis Mariano kaletik sartzeko aukera izango dute, kontrako noranzkoan.
San Juan plazako aparkalekurako sarbideek ez dute aldaketarik izango. Irteteko, berriz, Eliza kaleko irteera ezingo dute erabili, eta Joaquin Gamon kaletik atera beharko dute, kontrako noranzkoan.
Irunbus, aldaketak
18:30etik 20:00etara Irunbuseko linea guztietan aldaketak izango dira. L1 Zaisa-Ospitalea lineari dagokionez, Ospitalerantz doazenak Dunboako anbulategitik Zubimuxuko birbigunerainoko bidea GI-636 errepidetik egingo dute. Zaisarantz, aldiz, Hondarribia kalea jaitsita Dunboako anbulategira GI-636 errepidetik egingo dute.
L2 eta L4 lineetan, Fermin Calbeton kaleko geralekua Gipuzkoa hiribideko 1. zenbakira lekualdatuko dute. Azken linea honen kasuan, San Jose Langilea eta Urdanibia geralekuak bertan behera geldituko dira, 18:30etik aurrera. Azkenik, L3 lineak ere ez du Fermin Calbeton kaleko geralekua erabilgarri edukiko, eta Nafarroa hiribideko 4. zenbakira lekualdatuko dute.

