Bilboko FIG azokan sei hondarribiar aurkeztu dira
Maddalen Arte Gunearen baitan hurbildu dira Bilbora. Iaz ere egon ziren, eta positibotzat jo zuten bizipena.
Iaz FIG Bilbao azokan izan zen Maddalen Arte Gunea, eta aurten ere, bertan dabiltza. Atzo hasi zen azoka, eta Hondarribiko hainbat artisten lanak ikusgai daude bertan. Zehazki sei dira hondarribiarrak bertan, haien lanak aurkezten. Igandera arte egongo dira bertan, eta poztasun handia erakutsi dute inplikatutako guztiek.
Sandra Cuestak darama aurten arte guneko komisariotza, eta berriro ere azokan parte hartzea erabaki dute. “FIG Bilbao bezalako nazioarteko azoka batean parte hartzea aukera garrantzitsua da Hondarribiko artisten lana ezagutarazteko eta gure hirian garatzen den sormen-jarduera beste publiko eta eragile batzuengana hurbiltzeko”, azaldu du Ortzi Alonso kultur zinegotziak.
Alonsoren ustez, Maddalen arte gunea bezalako proiektuek “tokiko sorkuntza sustatzen dute”, eta Hondarribiko Udalak horrelako egitasmoak babesteko konpromisoa agertu du, “Hondarribia kulturaren eta arte garaikidearen erreferente izaten laguntzeko”.
Hauek dira azokan izango diren sei artistak:
Maider Goikoetxea: Zurda lan multzoko hainbat pieza aurkeztuko ditu.
Eugenio Ortiz: Par Umbravit saileko arroz paper gaineko serigrafiak erakutsiko ditu.
Itziar Basterretxea: Erraietatik saretzen erakusketaren baitan aurkeztutako paper kolazko maskaren aukeraketa bat eramango du.
Ane Gomez: Hondarribia Sormen Hiria bekaren irabazlea.
Judas Arrieta: Hondarribia Sormen Hiria bekaren irabazlea.
Sandra Cuesta: Paperez egindako eskultura bat aurkeztuko du.

