Abian da 2026-2027 denboraldia Santiagotarrak taldearentzat
Zuzendaritza berria aurkezteaz gain, Dragoi-ontzia izango da aurtengo berritasuna: kirola eta arlo soziala sustatuko ditu.
Santiagotarrak Kirol Elkarteak 2026-2027 denboraldia aurkeztu du. Aurkezpen ekitaldian 300 lagun bildu ziren, eta Bidasoa-Santiagotarrak 2026-2027 bideoa proiektatu zuten. Kirol elkarteak zuzendaritza berria izango du aurrerantzean, eta Koldo Laguardia presidenteak horren berri eman zuen. “Gure helburua da ia 60 urte dituen ondare honek jarraipena izatea”.
Presidenteak kirol elkartearen osasun egoera ona nabarmendu zuen, eta “isilpeko lana” egiten duten entrenatzaile, teknikari, monitore, laguntzaile eta langileen lana goraipatu zuen. “Zuek egiten duzue Santiagotarrak egunero. Zuek transmititzen dizkiezue gure balioak gazteenei”, adierazi zuen.
Zuzendaritza berriaren aurkezpenaz gain, Ficoban egindako ekitaldian denboraldi honetarako prestatutako berritasuna aurkeztu zuten: Dragon boat. Jarduera honek helburu bikoitza izango du; batetik, kirola sustatzea; eta bestetik, arlo soziala nabarmentzea. Arraun kolektiboko modalitatea da adin guztietarako zuzendua. Txinatik ekarritako modalitate honetan taldeak batera egingo du arraunean, danbor baten erritmora.
Dragoi ontzia hainbat herritan probak egin ditu, eta proba horietan bularreko minbizia eduki duten emakumeek parte hartu dute. Aurkezpenean, gaixotasunari nola aurre egin zioten kontatu dute, hunkiduraz eta naturaltasunez. Modalitate honek, gainera, kaltetutako eremua eta bizi kalitatea hobetzeko aukera eman die. Laster ate irekiko jardunaldien berri emago dute herritarrek modalitatea probatzeko aukera eduki dezaten.
Santiagotarrak Kirol Elkarteak hainbat sekzio ditu, eta sekzio bakoitzaren bilakera nolakoa izan den ere azaldu dute. Ur Biziak sekzioari dagokionez, arrakasta handiak lortu ditu klubak; besteak beste, Oier Diaz irundarrak Frantzian lortutako Junior mailako Munduko Txapelketarekin. 2025-2026 denboraldian harrobiak maila handiko kirolariak hezi ditu: Izar Garcia, Maria Garcia, Haizea Celaya, Eider Cecilia, Oier Diaz, Klara Olazabal eta Elur Alberdi. Horiei guztiei, eta beste kirolariei, eskerrak eman diete egunerokoan egiten duten lanarengatik.

