Jose Antonio Larruskain arrantzale eta patroi ohia zendu da

Bakailaoaren arrantzan igaro zituen urte asko, Ternuan, Groenlandian eta Norbegian. 90 urterekin zendu da

Gaztetatik hasi behar izan zuen Jose Antonio Larruskainek lanean, haren aita gazte hil zelarik. 14 urterekin lanean hasi zen, irrati batean, baina berehala itsasora murgildu zen. Hasieran, bere osabarekin batera legatza bila joan zen itsasora, eta azkenean, bertan eman zituen 40 urte baino gehiago. Aste honetan zendu da Jose Antonio Larruskain Errazquin, 90 urte zituela. Ternuan ibilitako arrantzale eta patroiak bakailuaren arrantzan jardun zituen urte asko, arrantza munduan oso maitatua izan zelarik.

16 urterekin joan zen lehen aldiz Larruskain Ternuara, Mikel Laboaren aitaren arrantza ontziekin batera. 21 urterekin atera zuen patroiaren titulua, eta Ipar Ameriketan ibilitako patroi gazteenetarikoa izan zen. Garai haietan, lan baldintza oso eskasak zituzten arrantzaleek, eta Larruskainek berak askotan kontatu izan zuen lehengai eskasiak izaten zituztela, eta bizirauten jarduten zutela aste askotan zehar. 

Gutxinaka Kanada aldeko bakailaoaren merkatua gutxitzen joan zen, baina Larruskain ez zen eten, eta Groenlandia eta Norvegia aldera mugitu zen. Lehorrera iristerakoan eta arrantza atzean uzterakoan, bete betean jarraitu zuen munduan, hainbat elkarteren zuzendaritzan edota Afrikako herrialde askotan arrantza klaseak emanez. Momentu gogorrak bizi zituen arrantzan, baina Larruskainek beti esan zuen berriro ere gazte izango balitz, itsasoa aukeratuko zuela mila aldiz.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.