Irun Hiria Xake Txapelketak 150 xakelari baino gehiago bilduko ditu

Abenduaren 4tik 8ra bitarte, nazioarteko txapelketaren bigarren edizioa antolatuko dute CBAn; aurten, bi mailatako partidak antolatuko dituzte.

Abenduaren 4tik 8ra Irun xakearen hiria bihurtuko da. Bigarren urtez, Irun Hiria Xake Txapelketa antolatuko du Bidasoa BAT taldeak, CBAn. Aurtengo nazioarteko txapelketan 150 parte hartzailetik gora izango dira, iazkoarekin alderatuta parte hartzaileen kopurua bikoiztu egin baita. Gehienez, 160 jokalarik parte har dezakete. Lizentziadun jokalari guztientzako txapelketa irekia izango da, eta azken urtean izandako hazkundeari esker hamazazpi herrialdetatik etorriko dira aurtengora. Iaz bezala, zazpi txandako partidak jokatuko dituzte, 90+30 sistemarekin. Parte hartzaileen kopurua bikoizteaz gain, sarien diru kopurua ere bikoiztu dute, 6.000 eurotik 12.000ra. “Horrek aukera eman digu nazioarteko jokalariak gurera erakartzeko, eta txapelketak berak bere balioa handitzeko”, adierazi du Ibon Muñozek, BATeko presidenteak.

2019an Bidasoa BATek xake taldea sortu zuen eskualdeko xakelari talde bati esker. Ordutik, xakean jokatzen ikasteko klaseak eskaini dituzte, Irunen eta Hondarribian. Iaz Irun Hiria Nazioarteko Xake Txapelketa antolatu zuten lehen aldiz, eta orduantxe izan ziren parte hartzaileek balorazio ona egin zuten. “Abenduaren zubia xakearen data da Irunen, eta gainera aurtengoak egun bat gehiago izango du”, azpimarratu du Muñozek. 

Lehenengo partidak ostiralean izango dira 17:30etik aurrera. Larunbatean eta astelehenean partidak bi txandatan egingo dituzte, goizez eta arratsaldez. Goizekoak 10:30ean izango dira; eta arratsaldekoak, berriz, 16:30ean. Bigarren edizio honen beste berezitasun bat bi maila izango direla da. “Aurten parte hartzaileen kopurua ikusita bi mailatan bereiztea erabaki dugu. Batetik, A mailakoan 1.900 puntutik gorako xakelariak arituko dira; B maila, ordea, 2.000 puntutik beherakoentzat izango da. 1.900 eta 2.000 puntuen artean daudenek zein mailatan aritu nahi duten erabakitzeko aukera izango dute”. Bi sailkapen egitearekin partida parekatuagoak izatea nahi dute, “lehiakorragoak”. Aipatu beharra dago, CBArako sarrera doakoa izango dela, eta gainera, A mailako partida nagusiak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute. 

Emakumeen parte hartzeak izandako igoera ere aipatu dute aurkezpenean. Iaz, hamaika emakumek parte hartu zuten, eta kasu honetan ere, kopurua bikoiztuko dute 27k parte hartuko baitute. 

Honek guztiak berezi egiten du Irungo txapelketa. “Gaur egun, Gipuzkoako xake txapelketa garrantzitsuena da, eta Euskadiko bigarren garrantzitsuena”. Bilakaeraren arrazoi nagusia parte hartzaileei asteburuan zehar eskaintzen dieten tratua da: “Parte hartzaileek eskaintzen diegun gertutasuna eskertzen dute. Alcazar hotelari esker, bertan gelditzen dira asteburuan. Gainera, Irungo Atsegiña eta La Salle elkarteen lana eskertu nahi dugu. Sekulako laguntza ematen digute, eta egunero bazkariak eta afariak bertan antolatuko dituzte parte hartzaileak giro goxoan eta CBAtik hurbil senti daitezen”, azaldu du BATeko presidenteak. 

Igandeko egitaraua

Txapelketak atsedenaldi eguna izango badu ere, xakeak ez du etenik izango. Kasu honetan, CBAtik Irungo Atsegiña eta La Salle elkarteetara lekualdatuko dituzte xake taulak. 10:30ean hasita, bi jarduera antolatuko dituzte. “Irungo Atsegiñean Ibon Muñoz hondarribiarrak, eta berriki izandako Gipuzkoako txapeldunak, Petra Papp xakelari hungariarrarekin batera partida bereziak egingo dituzte. Maila handiko bi xakelariek aldi berean 20 pertsonen aurka jokatuko dute, denbora zehatzik gabe. Bestalde, La Salle elkartean herritar ororentzako txapelketa irekia egingo dute bigarrenez. Iaz 50 plazak erraz bete genituen, eta aurten ere espero dugu erantzun ona izatea”. 

 

 

 

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.