AZAROAK 25

"Zergatik gara gu beldurrez bizi behar dugunak?"

Azaroaren 25eko mobilizazioa Martxoak 8 plazan egin dute Hondarribian. Euria egin du, baina ez da borroka feministaren grina itzali.

“Esaidazu iristen zarenean”, “Ez hitz egin ezezagunekin”, “Ea zer arropa daraman”. Horrelakoak entzun behar ditu emakumeak egunerokoan, askotan, indarkeriaren errudun bera edo erasotzailea den zalantzan jarriz. Asko dago borrokatzeko, hori argi dute gaur mobilizatutako emakumeek. Txingudiko hiru herrietako asanblada feministak elkartu dira Hondarribian gaur, euriaren azpian.

“Zergatik gara gu beldurrez bizi behar dugunak?” galdetu dute. Fokuak erasotzaileengan jarri behar direla aldarrikatu dute, ez emakumeengan, ez haien jarrerengan edota arroparengan. Erasotzaileak dira errudunak, haiek dira emakumeak erasotzen dituztenak, eta emakumeak dira jazarpen jarraitua jasaten dutenak.

Harremanak ardatzean jarri dituzte. “Errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanak nahi ditugu”. Kandelak piztu dituzte, eta jada ez daudenak oroitu. “Ez dugu nahi nahikoa sufritu duela frogatu behar izatea”, emakumeak errudun izan ohi dira haien ustez indarkeria kasuetan, eta horri buelta eman behar zaio. Erasotzaileak dira erasotzaileak.

50 pertsona inguru elkartu dira Martxoak 8 plazan, Hendaian eta gero Irunen egin diren preformancea entzuteko. Euri asko izan da, baina tinko eutsi dute, borrokatako grina ez baita urarekin itzaltzen.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.