AZAROAK 25

"Matxismoaren aurka, zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialista"

Itaiak bere hitzordua izan du gaur San Juan plazan, udaletxearen aurrean. Emakumeen askapenerako, iraultza sozialista da haien irtenbidea.

Udaletxe parean izan da gaur Itaiak egindako hitzordua. 100 pertsona inguru elkartu dira San Juan plazan. “Indarkeria matxistari aurre egin!”, oihukatu dute. Argi dute “antolakuntza sozialista” dela emakumeen askapenerako beharrezko tresna, eta hori bera aldarrikatu dute.

“Matxismoak egunero kolpatzen gaitu: aurten dagoeneko 10.000 emakume baino gehiago izan dira erasotuak; adingabekoen kontrako indarkeriak gora egin du eta dagoeneko 5 emakume erailak izan dira Euskal Herrian”, adierazi dute egindako irakurketan. 

Azken zortzi urteetan izandako gobernuak (Espainian) emakumeen baldintzak “okertu” dituela adierazi dute Itaiako militanteek. “Bitartean, emakume langileon problematika alde batera geratu da. Kale mailako mobilizazioak apaldu egin dira. Horrek emakume langileontzat atzerapausua suposatzen du gure problematika ezkutatzen duelako. Ezinbestekoa da, emakume langileon borroka berriro lehen lerroan jartzea”.

Faxismoaren gorakada ere haien hitzetan izan da. Itaiatik adierazi dute faxismoa emakumeen askapenerako oztopo handi bat dela, eta horregatik egin behar zaiola aurre. “Faxistek emakume langileon zapalkuntza ukatzen dute eta gure zapalkuntzan sakontzeko neurriak proposatzen dituzte. Emakume langileok deshumanizatuak eta zapalduak nahi gaituzte”, aldarrikatu dute.

Hona hemen gaur HITZAk Itaiaren hitzorduan ateratako argazkiak:

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.