AZAROAK 25

Indarkeria matxistaren 17 kasu berri artatu ditu Hondarribiko Udalak azken urtean

Azaroaren 25eko adierazpen instituzionalaren barnean, aurtengo datuak iragarri ditu udalak. Horrez gain, indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde egiteko konpromisoa berretsi dute.

Indarkeria matxista.

Horrelako egunetan ohikoa izaten den moduan, Hondarribiko Udalak adierazpen instituzional bat argitaratu du, lau udal taldeek sinatutakoa, Azaroaren 25aren harira. “Indarkeria matxistaren aurrean ez dago neutraltasun egoera posiblerik; ez begiratzeak, ez erreakzionatzeak edo isilik geratzeak ere baditu ondorioak”, adierazi du udalak. Indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa erakustea da adierazpenaren helburuetako bat, baina baita ere herritarrak hausnartzeko denbora tarte bat hartzera gonbidatzea. 

Bakoitzaren zereginari buruzko hausnarketa planteatzen du udalak zehazki. “Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude iraintzen, kontrolatzen edo gutxiesten dituzten portaerak ikusten ditugunean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak edo normalizazioak desberdintasuna eta indarkeria iraunarazten laguntzen dutenean? Non gaude gure sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?”. 

Baina hausnartzeko, errealitatea ezagutzea beharrezkoa da, eta horretarako datuak dira lagungarri. “Hondarribiko errealitateari erreparatuz, 2025eko azarotik 2026ko azarora bitartean, Gizarte Zerbitzuek indarkeria matxistaren 17 kasu berri artatu dituzte. Horietatik 8 emakumek adingabeko seme-alabak dituzte beren ardurapean. Artatutako kasu gehienak bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako genero-indarkeriarekin lotuta daude. Gainera, gaur egun, indarkeria matxistaren biktima diren 39 emakumeri eskaintzen diete arreta Hondarribiko Gizarte Zerbitzuek, eta horietatik 20k adingabeko seme-alabak dituzte beren ardurapean”.

Indarkeria deuseztatzeko konpromisoak

Indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat aipatu du udalak bere oharrean, eta horren bidean inplikazioa behar dela. Konpromiso hori erakutsi nahi izan du instituzioak, eta horregatik, hainbat konpromiso zerrendatu dituzte, haiek hartutakoak. Hona hemen konpromisoak, udalaren hitzetan:

  • Hondarribian indarkeria matxista kasuetan jarduteko eta koordinatzeko Udal Protokoloa abian jartzea eta bere ezarpena bermatzea, udal-arloen eta esku hartzen duten eragileen arteko koordinazioa eta biktimei ematen zaien arreta bermatzeko.
  • Udal-langileen ezagutzak eta gaitasunak indartzea, indarkeria matxistako egoerak identifikatu eta horien aurrean behar bezala jarduteko.
  • Indarkeria matxistaren forma guztien aurrean herritarrak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko kanpainak garatzea.
  • Indarkeria matxistako egoeren aurrean, erantzun publikorako eta herritarren mobilizazioetarako dispositiboak artikulatzea.
  • Haur eta nerabeei zuzendutako hezkidetza-programak garatzea, berdintasunean hezten eta indarkeria matxista prebenitzen laguntzeko.
  • Herritarren sareak aktibatzea, indarkeria matxistari aurre egiteko eta antzemateko, biktimei laguntzeko, eta, bereziki, mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.