Unai Arroyo Gipuzkoako txapelduna, Donostiako Maratoian

Donostiako Maratoian lortutakoaz gain, harrobiak lan bikaina egin du Kluben arteko Espainiako Txapelketan, Atapuercan (Burgos).

Asteburu loriatsua izan da Bidasoa Atletiko Taldearentzat. Emaitzak pilatzen jarraitzen dute, eta oraingo honetan, Donostian eta Atapuercan (Burgos) maila onean aritu dira bidasoarrak.

Igandean, hilak 22, Donostiako Maratoiak milaka korrikalari bildu zituen, eta taldekako sailkapenari erreparatuta, Bidasoa Atletiko Taldea onena izan zen. Gainera, Unai Arroyo sailkapen orokorreko hirugarrena izateaz gain, Gipuzkoako txapelduna izan zen, 02:20.24 denbora egin ostean. Arroyorekin batera, Gwendal Larque eta Jon Urtizberea taldeko azkarrenak izan ziren helmugan, eta talde onena izateko balio izan ziren. 

Herenegun ere, Euskal Herritik kanpo oihartuzn handia duen Atapuercako Nazioarteko Krosa jokatu zuten. Kategoria guztietako lasterketak izan ziren Arkeologia Esperimentaleko Zentroan antolatutako zirkuituan. Bidasoa Atletiko Taldearen harrobia maila onean aritu zen, eta hainbat kategoriatan aipatzekoak diren postuak lortu zituzten. Hala nola, 18 urtez azpiko emakumeen kasuan seigarren talde onena izatea lortu zuten. Bertan izan ziren Saioa Lopez, Naia Piquer, Paula Crespo eta Iratxe Cambon. 

Lehenengo hamar postuak hurbil eduki zituzten 16 urtez azpiko gizonezkoen zein 20 urtez azpiko gizonezkoen taldeek. Hamaikagarren eta hamalaugarren postuetan amaitu zuten igandeko jarduna bi talde hauek, hurrenez hurren. 18 urtez azpiko gizonezkoak berrogeigarrenak izan ziren. Emaitza hauek lortuta, klubak adierazi du harrobiak egindako lanarekin oso pozik dagoela: “Gure harrobiak oso goian utzi du taldearen maila”. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.