Skate kultura herritarrei hurbiltzeko festa antolatuko dute

Hilaren 26tik urtarrilaren 9ra bitarte, IrunGoSkateFest proiektua egingo dute; helburua skateren kultura belaunaldien arteko topagune izatea da.

IrunGoSkateFest skate kultura zabaltzeko eta belaunaldien arteko topagune bihurtzeko proiektua da. Datorren ostegunetik aurrera, hilak 26, urtarrilaren 9ra bitarte, skate epizentroa duen jarduera ugari antolatuko dituzte Irunen. Inaugurazioa ostegunean bada ere, astebururako tailerrak eta hitzaldiak antolatu dituzte skateboarding sektorearen hainbat profesionalekin. 

“Antolatzaileek kultur proiektu iraunkor bat eraikitzen hasi nahi dute, tokiko komunitatea biltzeko, belaunaldiak harremanetan jartzeko eta skateboardingak historian eskualdean izan duen garrantzia errekuperatzeko”, adierazi du udalak. Bide beretik, skateboarding kirol bat baino gehiago dela gehitu dute: “Argazkigintza, musika, artea, sormena eta bizikidetza biltzen ditu”.

Datorren asteburuan, honako profesional hauek izango dira Irunen skateboardingari buruz hitz egiten: Pablo Ribera (HLC Skateboard Distribution); Ramputene DIY Martuteneko gune autogestionatuko ordezkariak; Alain Kortabitarte eta Ian Campbell, skatearen alderdi profesional eta olinpikoaren adierazgarriak; Julen Arizmendi, Daibai Skateboarding eskolaren sortzailea eta skate inklusiboaren sustatzailea; No Name Skate Girls taldeko ordezkariak, skate munduko emakumeei ikusgaitasuna ematearen aldeko ekintzaileak; eta Marcos Lozano, SNT4EVER elkarteko ordezkaria, hirian skateboardingerako erabili diren tokiak kontserbatu eta errekuperatzearen aldeko ekintzailea.

Datorren asteburuko jarduerez gain, CBAn skate kulturari balioa emateko erakusketa bat antolatuko dute, Garikoitz Murua komisarioaren gidaritzapean. Asier Fagoaga eta Pablo Riberaren argazkiak bildu dituzte. Argazkiek askotariko begiradak eta momentuak islatzen dituzte. Bikote honekin batera, SNT4EVER, Bartzelonako irabazi asmorik gabeko elkartea, egongo da presente CBAn. Bideoek ere bere lekua izango dute CBAn. DAB Productions enpresak ekoitzitako bideoak proiektatuko dituzte: skate bidaien kontakizunak eta bizipenak. Erakusketa osatzeko aretoan bertan patinatzeko gune bat muntatuko dute, hainbat oztopokin.

Abenduaren 19an, larunbatarekin, Irunen sortutako Sancheskiri buruzko hitzaldia egingo dute CBAn. Sancheski Europako monopatinaren historia izango dute mintzagai, lehen monopatin prototipoa izandakoa. Hitzaldia 18:00etan izango da, eta sarrera doakoa izango da. 

Haurrek eta nerabeek skateren kultura gertutik ezagutzeko eta munduan murgiltzeko hastapen eskolak eta tailerrak prestatuko dituzte haurtxokoetan; abenduaren 4an Martindozenean, eta urtarrilaren 8an eta 9an, Artian. Horrez gain, abenduaren 11n El legado de Ismael dokumentala proiektatuko dute DokuIrun programaren barruan.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.