Isuri Gutxiko Eremuan sartzeko salbuespenak kontuan hartuko ditu ordenantza berriak
Diru sarrerak bermatzeko edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera kobratzen dutenak eremura sartzeko aukera izango dute eskakizun orokorrak bete ez arren.
Irungo Udalak Isuri Gutxiko Eremuaren gaineko salbuespenen berri eman du, eta eremua arautzeko ordenantza behin betiko onartuko dute ostiraleko, hilak 27, osoko bilkuran. Isuri Gutxiko Eremuaren gaiak hautsak harrotu ditu Irunen, eta herritarrek aurkeztutako alegazioak analizatuta, udalak ordenantzan aldaketa batzuk egin behar izan ditu. Orotara, 275 alegazio jaso ditu udalak, eta batez ere, hainbat salbuespen ezarri behar izan dituzte diru sarrerak bermatzeko edo bizitzeko gutxieneko diru sarrera kobratzen dutenen, familia gaiak kontziliatu behar dituztenen eta mugikortasun behar puntualak dituztenen beharrei erantzuteko.
“Mugikortasuna jasangarriagoa izateko bidean aurrera egin nahi dugu, betiere kontuan izanda hirian askotariko egoera pertsonalak eta familiarrak ditugula”, adierazi du Sergio Javierrek, Hiri Garapenerako eta Mugikortasun Jasangarrirako ordezkariak. Aurretik aipatutako kasuetan, ibilgailuek eremura sartzeko aukera izango dute eskakizun orokorra bete gabe.
Familia gaiak kontziliatu beharraren kasuan, adibidez, adingabeak eramateko edo laguntzeko egoera puntual eta justifikatuak izango dira. Aukera hau aplikatuko dute, beti ere, segurtasun arrazoiak tarteko direnean eta beste garraiobide batzuk erabiltzeko aukerarik ez dutenean. Premiazko arrazoiak medio eremura sartu behar izatekotan, herritarrek 72 orduko epea izango dute sarrera horiek justifikatzeko, eta ez aurretik aipatu bezala, 48 orduko epea.
Ostatu turistikoei dagokienez, kasu gehiagotan sartu ahalko dira. Hoteletara joaten direnez gain, bestelako ostatuetara doazenek ere eremuan sartzeko aukera izango dute; hala nola, etxebizitza turistikoetara.
Berrikuntza horiez gain, edukia argiagoa izateko eta interpretazioak saihesteko ordenantzaren atal batzuk zuzendu dituzte. Honekin batera, hobekuntzak egingo dituzte TAO sisteman, egoiliarren aparkamenduan, lurpeko aparkalekuetan eta disuasio aparkalekuetan. Baita zamalanak egiteko guneetan ere, merkatarien beharrak kontuan izanda.
Jasotako alegazioen artean hamahiru alegazio baliogabetu edo ezeztatu dituzte; isuri gutxiko eremua sortzearen aurkakoak edota bertako merkataritzan izan dezakeen inpaktuari buruzkoak, besteak beste. Alegazio horiek ezeztatuta, isuri gutxiko eremua 2028ko bigarren seihilekoan martxan jartzeko ideiarekin aurrera egiten jarraitzen du udalak.

