Irungo Udalaren adierazpen instituzionala, azaroaren 25aren harira
Udalak gizarteari dei egin dio emakumeen kontrako indarkeria eta haren ondoriozko giza eskubideen urraketak bukarazteko.
Irungo UdaletxeaIzaro Perez Loperena Bihar, hilak 25, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, Irungo Udalak adierazpen instituzionala egin du. Hausnarketa bat plazaratu du, eta honen bidez gizarteari dei egin dio indarkeria matxista eta haren ondoriozko giza eskubideen urraketak bukatzeko. Konpromisoa norberarena dela azpimarratu dute, eta indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko egunerokoan modu aktiboan inplikatzea beharrezkoa dela gehitu dute.
“Non gaude emakume batek laguntza behar duenean? Non gaude emakumeak iraindu, kontrolatu edo gutxiesteko helburua duten jokabideen lekuko garenean? Non gaude isiltasunak, axolagabekeriak eta normalizazioak berdintasunik eza eta indarkeria betierekotzen laguntzen dutenean? Non gaude sare sozialen bidez irudi edo mezu misoginoak iristen zaizkigunean?”, galdera hauei erantzuteko gaitzespenaz harago joateko dei egin du udalak.
Indarkeria matxistak ez duenez neutraltasunik onartzen, aurrera egiteko eta harago joateko gonbita egin die hiritarrei, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikita. “Horrela, gizartearen erantzukizuna beren gain hartzera eta jarrera hartu eta konponbidearen parte izatera animatzen ditugu hiritarrak”.
Adierazpen instituzionalean honeko konpromiso hauek erabaki dituzte:
- Hiritarrek azaroaren 25eko jardueretan parte hartzea modu aktiboan, indarkeria matxistaren kontrako konpromiso kolektiboa sendotzeko.
- Indarkeria matxistaren kontra erantzun publiko koordinatu eta egokia ematea biktimei erantzun integrala eskaintzeko, haien beharretara egokituta.
- Gazteak berdintasunean eta indarkeria matxistaren prebentzioan heztea: Beldur Barik tailerrak garatzea, jokabide matxistak identifikatzea eta biktimei laguntzeko konpromiso aktiboa hartzea.
- Maskulinitateen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa lantzea jarduera desberdinen bidez: zine zikloak, tailerrak, topaguneak eta hitzaldiak.

