Hiru autobus linea berri gehituko ditu Lurraldebusek datorren astean

Azaroaren 30ean egingo dituzte aldaketa guztiak Lurraldebuseko lineetan. Lehengo ordutegiak eta maiztasunak berreskuratuko dituzte.

Autobusak urriaren 1ean aldatu ziren, eta hainbat kexu izan dira horren ondorioz. Ordutegiak aldatu eta maiztasunak murriztu zituen mugikortasun sailak, Azahara Dominguez buru duelarik. Hori ez ezik, autobus batzuk ezabatu ziren, hala nola lehengo E20a eta E26a. Orain, foru aldundiak adierazi du berriro berreskuratuko dituztela.

Azaroaren 30a izango da autobus horiek berriro martxan jartzeko lehen eguna. E20a orain BI08a izango da, eta E26a berriz, BI09a. Lehena, Hondarribitik Oreretara joaten da, Gaintxurizketatik, eta ondoren Pasai Antxotik, Donostirako bidea hartzen du. Ez da Irundik pasatzen. Astelehenetik ostiralera egongo da erabilgarri, 30 minuturo, egun guztian zehar.

Bigarrenak, BI09ak, ibilbide berdina egiten du, baina Irundik hasita, eta kasu honetan, Hondarribitik pasa gabe. Hau ere 30 minuturo aterako da Irundik, eta azkena 22:55ean izango da. Orain arte BI03 autobusak hartu du Gaintxurizketako bidea Bidasoatik, baina orain soilik asteburuetan eta jaiegunetan izango da.

Horrez gain, BI10 linea berria estreinatuko dute ere. Honek Hondarribian izango du abiapuntua, eta ondoren, Irundik pasata Donostiara joango da, Antiguora.  Hau zehazki hezkuntza zentroetara hurbiltzeko linea izango da, eta beraz, astelehenetik ostiralera luzatuko dute. Lehena Hondarribian 6:40ean aterako da.

Baina linea berriak ez ezik, lehengo ordutegi eta maiztasunak berreskuratuko dira ere 30ean. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.