'Mugek hiltzen dute. Herriek harrera egiten dute' lelopean bildu dira

Bidasoa ibaian hildako migratzaileen omenez bildu ziren atzo, hilak 22, Ficoban; heriotzak baino hillketak direla salatu zuten.

Irun eta Hendaia bereizten dituen Bidasoa ibaia migratzaileentzako oztopo bilakatu da. Atzo, hilak 22, Korapilatuz, Loiola Zentroa, Harrera Sarea eta FIVASCO elkarteek Ficoban bildu ziren mugek hil egiten dutela salatzeko, eta herriek harrera egiten dutela aldarrikatzeko. Dozenaka lagun bildu ziren seigarren urtez jarraian, urteotan Bidasoa ibaian hildakoen oroitarrian. “Hauek ez dira heriotzak, hilketak dira”.

Ekitaldi xumea izan zen, eta komunikatua irakurri zuten: “Espainiako Estatuak eta Europar Batasunak mugak kanporatzeak (edo kanpoko herrialdeetara lekualdatzeak) arriskutsuago bihurtu ditu migrazio ibilbideak jatorrizko lekuetatik alde egitera behartuta daudenentzat; are gehiago, hilgarriagoak ere badira bidaia amaitzea lortzen duten gutxi horientzat”.

Nazio Batuen Erakundearen datuak aipatuta, 60.000 migratzailetik gora dira itsasoz Europara iristen saiatu direnak 2026an, 2024an baino %40 gutxiago. Ahalegin horietan, 2.292 pertsona hil dira. Saiatu direnen kopurua murritzagoa den arren, hildakoen kopuruak gora egin du. Horregatik, mugak eraisten jarraitzeko deia egin dute. 

Mugen hilgarritasunaz harago, indarkeria intituzionala eta poliziala ere salatu dute. “Donostian, indarkeria hori Kaleko Afari Solidarioa egitasmoaren bidez kalean bizi diren pertsonei janaria ematen dieten herritarren elkartasuna kriminalizatzeko eta erreprimitzeko erabiltzen ari dira. Halaber, irmoki gaitzetsi nahi dugu Babakar Welleren heriotza; Hondarribian gertatu zen, udaltzaingo batek eraginda. Pertsona arrazializatu eta zaurgarria zen, Irun eta Hondarribiko bizilagunentzat ezaguna, eta gizarte zein osasun egoera prekarioan bizi zen”. Laburbilduz, bizi guztiek balioa dutela azpimarratu dute.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.