Mattin Etxebeste, hirugarrenez Euskal Herriko txapeldun

Hondarribian jokatu zen atzo (hilak 22, igandea) gipuzkoar erako Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusia. Oiartzuarrak 2022an et 2024an ere bere egin zuen txapela.

Mattin Etxebeste oiartzuarra, txapela buruan, ohorezko agur dantzaldian.Gipuzkoako EDB

Etxebeste, udaletako ordezkari eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kideekin batera.

Urte bikoitiak Mattin Etxebeste Sanzberro dantzari oiartzuarrarenak dira. Atzo (hilak 22, igandea) hirugarrenez irabazi zuen gipuzkoar erako Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusia Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan, lehia horren zortzigarren ekitaldia izan zen atzokoa; 2022an eta 2024an ere bere egin zituen Etxebestek txapelak. 2018an hasi ziren era bateratuan parte hartzen emakumeak eta gizonak txapelketa horretan. Ordutik, seitan joan da Oiartzunera txapela, Etxebesteren garaipenez gain, Katerin Artolak beste hiru irabazi zituelako 2018an, 2019an eta 2021ean.

Hondarribiko lehian bigarren Mikel Esnaola Lopez lezoarra izan zen,  2023ko eta iazko ekitaldietako irabazlea hura. Estu joan zen finala, ordea. Izan ere, hiru puntuko aldea atera zion oiartzuarrak lezoarrari, 399,75 lortu zituen Etxebestek, eta 396,75 lezoarrak.

Hamalau dantzarik parte hartu zuten Itsas Etxeko txapelketan. Hernaniko txistulari taldeak lagunduta, lehen fasean Aurkez aurke (desafioa), Soinu zaharra bat (Betronio handia, Ehun dukat eta Graziana-ren artean dantzari bakoitzak aukeratu duena) dantzatu zituzten denek. Horiek egin, eta azken fasera sailkatu ziren sei dantzariek Zortzikoari ekin zioten. Azken fase horretako puntuak pilatuta, Etxebeste oiartzuarra izendatu zuten garaile Jose Luis Vallejo, Katerin Artola eta Nahikari Vizuete epaileek.

VIII. Aurresku Txapelketa Nagusiaren irabazleak Tomas Murua sari berezia jasoko zuen, eta urtebetez utziko du Oiartzungo udaletxean; sari hori hiru urtez jarraian, edo bostetan txandaka irabazten bada, saria behin betiko geldituko litzateke herrian. Gainera, Hondarribiko Udalaren oroigarria, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrarena, eta 400 euro jasoko zituen Etxebestek.

Esnaola bigarren sailkatuak garaikurra eta 300 euro egingo zituen; hirugarrenak (Irati Olaizola legazpiarrak) trofeoa eta 200 euro. 4-5-6 postuetan sailkatu zirenei 100 euro eman zizkieten.

Ondoko zerrendan, gipuzkoar erako VIII. Aurresku Txapelketa Nagusiaren sailkapen osoa. Lehen seiek puntu askoz gehiago dituzte, dantza bat gehiago egin zutelako azken fasean:

  • 1. Mattin Etxebeste Sanzberro (Oiartzun) 399,75 puntu.
  • 2. Mikel Esnaola Lopez (Lezo) 396.75 puntu.
  • 3. Irati Olaizola Goñi (Legazpi) 386,25 puntu.
  • 4. Ihintza Erauskin Lizarazu (Lezo) 361,50 puntu.
  • 5. Amaia Azpeitia Osinalde (Legazpi) 336,50 puntu.
  • 6. Mairi Maya Castaño (Errenteria-Orereta) 332 puntu.
  • 7. Dabel Castillo Arbona (Pasai Donibane) 242,25 puntu.
  • 8. Eider Carballo Zabalo (Legazpi) 212,75 puntu.
  • 9. Amaiur Tejeria Larrarte (Asteasu) 175,88 puntu.
  • 10. Jon Alberdi Garde (Legazpi) 172,25 puntu.
  • 11. Izadi Urbano Gorosabel (Villabona) 169,65 puntu.
  • 12. Garazi Oiartzabal Irazu (Zizurkil) 159,13 puntu.
  • 13. Clara Larrañaga Letamendia (Villabona) 149,31 puntu.
  • 14. Naroa Sanchez Rodriguez (Legazpi) 143,75 puntu.

Dantzari guztiak, txistulari eta udal agintariekin.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.