Enpresen eta hautagaien arteko harreman zuzena sustatu ditu Turislanek
Etapa berriko lehen edizioa antolatu dute Ficoban; bertan, 200 enplegu aukera baino gehiago bildu dituzte egun bateko jardunaldian.
Euskadiko Turismo Sektoreak hitzordua egin zuen pasa den ostegunean, hilak 19, Ficoban. Turislan enplegu azoka etapa berrian murgilduta dago, eta Irunen antolatu zuten lehenengo edizioa. Orotara, 200 enplegu aukera baino gehiago bildu ditu, bertaratutakoen artean egindako 1.000 bisiten artean, ikasleak barne. Egun batzuk pasata, balorazioa egiteko unea heldu zaie, eta hautagaien eta enpresen arteko harreman zuzena nabarmendu dute, baita izan duten gogobetasuna eta giro ona ere. Hitz gutxitan esanda, balorazio oso positiboa egin dute.
Ikaslen eta etorkizuneko profesionalen interesa piztu du azokak. Bisitari gehienak Gipuzkoatik hurbildu dira Ficobara, baita Bizkaitik ere (%14). Horretaz gain, gutxi batzuk Espainiatik hurbildu dira Turislanera. Ikasleek curriculumak zuzenean aurkeztu ahal izan dizkiete enpresei, beren profilak sektorearen benetako beharrekin alderatzeko eta ingurune profesionala bertatik bertara ezagutzeko. Horretaz gain, Bereizi zaitez: nola aurkeztu zure profil profesionala hitzaldia eskaini dute.
Ikasleen jarrera nabarmentzekoa bada ere, enpresek ere eskertu dute bertaratutakoek izandako jarrera. 32 enpresak zein erakundek parte hartu dute; gehienak turismo enpresak izan dira. Enpresa guztiek hainbat jarduera eta profil profesional espazio berean bildu nahi izan dituzte. 2019az geroztik ez zuten Turislan enplegu azoka antolatzen, eta Ficobakoa etapa berri baten hasiera besterik ez dela izango adierazi dute antolatzaileek.

