Konfiantza handitzeko, kirola tresna moduan
Emakumeen eta kirolaren arteko harremanaz hitz egin du Sara Mariezkurrena psikologoak. Azaroak 25eko programazioetan geroz eta gehiago dira kirol hitzorduak.
Urtero moduan, emakumearen askapenaren eta berdintasunaren alde lan egiten duten eragileek haien programazioa aurkeztu dute azarora begira. Azaroak 25 da Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta hori bera babeste eta aldarrikatze aldera, hainbat egitasmo eta jarduera egingo dira Hondarribian datozen egunetan eta asteetan. Tailerrak eta hitzaldiak gailentzen dira normalean, emakumeek bideratutakoak, emakumeei zuzenduta. Baina badago beste jarduera mota bat, urtero errepikatzen dena, eta hori ez ezik, geroz eta gehiago ikusten dena horrelako programazioetan: kirola.
Kirol jarduerak ugariak izaten dira emakume talde eta mugimenduetan. Horiek jendetsu edo arrakastatsu izateaz gaindi, garrantzitsuena betetzen duten funtzioa da. “Egunerokoan kirola egitearen tendentzia goraka doa, eta uste dut emakumeak ere bertan murgildu behar garela. Osasun integralaren bidean kirola egiteak garrantzia badu, ez bakarrik osasun fisikoaren bila, baita ere osasun mentalaren alde”, azaldu du Sara Mariezkurrena psikologoak.
Aurten, azaroaren 25aren harira, Emeki Emakumeen Elkarteak hiru kirol hitzordu prestatu ditu. Alde batetik, betiko Xake Ttopara, Marlaxka Xake Klubarekin antolatutakoa. Bestetik, xakearen inguruan ere Maria Goñi xakelariaren hitzaldia, eta, azkenik, Bixi Bixi pala txapelketa.
Mariezkurrenak argi du emakumeak beti kirol berberetan sailkatu dituela gizarteak. “Dantza, patinajea, gimnasia erritmikoa… Kirol femenino moduan etiketatu dira beti horiek eta beste zenbait. Baina orain kirol guztiak probatzeko aukera dugu, eta aprobetxatu behar da. Kontua ez da mundu maskulino bat bereganatzea, baizik eta espazio berriak sortzea, errespetutik eta berdintasunetik harremanduz”. Osasun psikologikoarentzat oso onuragarria da kirola psikologoaren ustez, eta gainera, elkargune eta topagune bilakatzen dira taldean egindako hitzorduak. “Bakoitzak kirola egiten duenean, amaieran konfiantza irabazten du bere buruarengan, eta lasaituagoa sentitzen da. Modu egokian eginda, beti izango da onuragarria”.
Bixi Bixi pala txapelketa ere programazioan izan da. Urteak daramatza Emekik txapelketa egiten. Baina ez dira soilik txapelketara mugatzen, urtean zehar pala klaseak eskaintzen dituzte eta, emakumeak ere kirol hartara hurbiltzeko. Aurreko asteburuan izan zen txapelketa, eta zaletuak ez ezik, elitekoak ere Jostaldin izan ziren. Igandean bi partida izan ziren: Arrillaga-Barrola eta Etxegarai-Betegi. Baina etxeko txikiengan eragina ere izan nahi dute, eta horregatik, Maider Mendizabal munduko txapeldunaren bisitak izan dira Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetan. Horrela, neska gazteei, kirolean ere emakume erreferenteak badaudela erakusten diete.
Askotarikoak dira biolentzia matxista jasan duten emakumeak kirolera hurbiltzeko programak. Mariezkurrenak aipatutako onura psikologikoak aprobetxatzea da helburu nagusia. “Indarkeria jasatea erruarekin, lotsarekin eta emozio negatiboekin oso lotuta dago, eta horregatik harreman sozialak handitzea, jendearekin egotea, konfiantzan eta seguru, oso garrantzitsua da”. Etxean indarkeria jasaten duen emakume batek bertatik ihes egitea zaila izan ohi da, Mariezkurrenak azaldu duenez, baina bertatik ateratzean, jendearekin harremanak zabaltzea eta bakoitzak bere buruarekiko konfiantza handitzea funtsezkoa iruditzen zaio psikologoari, eta kirola bada hori bermatzeko tresna bat.
Boxeoa eta triatloia
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak ere programazio berezia aurkeztu du. “Guztion ongizatean eta berdintasunean oinarritutako gizarte bat” lortzea du helburu Itaiak, estatu sozialista baten alde borrokatuz. Azaroaren 25aren harira, bi kirol jarduera antolatu dituzte jada. Lehena, pilates saio bat izan zen, eta bigarrena, aurreko larunbatean egindakoa, boxeoa. “Boxeoa bezalako kirolak biolentoak bezala sailkatzen diren arren, emakumeok egunero jasaten ditugun bizipen nazkagarriak dira biolentoak. Kontaktu kirolak praktikatzea aproposa izan daiteke, nire ustez, egunero bizitzen ditugun erasoei erantzuteko prestaketa minimo bat edukitzeko”, esan du Mariezkurrenak.
Igande honetan (hilaren 22an) kirol ekitaldi berezia egingo dute lehenengoz Txingudiko mugimendu feministek elkarlanean: Mugaz Muga triatloia. Txingudiko Elkarte Feministak antolatu du, Emekirekin eta Hendaia Uretan elkarteekin elkarlanean. Izen-emateen, kamiseten salmentaren, dohaintzen eta erakunde laguntzaileen ekarpenen bidez lortutako irabazi guztiak Irungo Bizibidean eta Hendaiako Baguera elkarteentzat izango dira.

