Antton Fernandez zumarragarrak jantzi du txapela
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa jokatu dute gaur Palmera Monteron; txapela, Zumarragara.
Iza, Fernandez, Azkue eta Elosegi. Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketaren sari nagusia Zumarragara joan da. Antton Fernandezek jantzi du 11. ekitaldiaren txapela gaur Irungo Palmera Monteroko bigarren aretoan jokatutako txapelketan. Lehia, gogorra, batez ere finalerako sailkatu diren Fernandez, Maddi Iza eta Xabier Azkueren artekoa; bigarren eta hirugarren sailkatu dira Iza eta Azkue hurrenez hurren, akats bana eginda. Saria ez dute nolanahikoa jaso, irabazleak txapela eta 400 euro jaso ditu; 300 euro bigarren sailkatuak; eta 200 euro, hirugarren sailkatuak.
Fernandezek hutsik gabe finala, baita aurretik egindako proba guztiak ere.
Antolatzaileak pozik, aurten 33 lagunek eman dutelako izena parte hartzeko. Goizetik eguerdira aritu dira mota askotariko hiztegien laguntzaz probak osatzen bata bestearen atzetik. Finalistek osatu beharreko gurutzegrama ere egin dute finalera sailkatu ez diren parte hartzaileek ere, zenbatek osatu duten ez du jakin HITZAk.
Sari gehiago ere izan da, tartean, Irundar Onenaren Saria. Mikel Agirresarobek jaso du hori, Oarso Bidasoko Hitzaren urtebeterako harpidetza.
Aro berriko hirugarrena izan da gaur jokatu duten txapelketa, 2007an lehenengo edizioa antolatu zuten, eta 2024an Irungo Aitzondo Euskara Taldeak txapelketa antolatzeari berriro ekin zion hamar urteko etenaren ostean. Antolakundeko Beñat Muguruza, pozik parte hartzearekin, “inoiz baino gehiago aritu dira, 33 lagun izena emanda. Batek huts egin du eta 32 aritu dira”. Joxean Elosegi euskarazko denborapasen aitzindaria bertatik bertara aritu da parte hartzaileen lana segitzen. Sari banaketa eginda, familia argazkia egin dute parte hartzaile guztiek.

