Alfonso Sastre, dramaturgoari eta militanteari aitortza
Alfonso Sastre omendu dute gaur. Antzerkigile eta dramaturgoari aitortza, baita ekintzaile politikoari, banaezina baita hori.
Alfonso Sastre omendu dute, eta bere errautsak lurperatu bere jaiotzaren 100. urteurrenean. Alfonso Sastre omendu dute gaur. Antzerkigile eta dramaturgoari aitortza, baita ekintzaile politikoari, banaezina baita hori. 2021eko irailean hil zen Sastre, eta bost urte geroago heldu da aitortza ekitaldia familiak hala erabakita, 100 urte beteko lituzkeen urtean, eta bere errautsak Hondarribiko hilerrian lurperatu dituzten egun berean. Kandido Saseta Gudaria eta Jose Bergamin idazle eta ekintzaile politikoaren hilarrien ondoan da orain Sastre.
Ekitaldi ederra eskaini diote eta dozenaka lagun gerturatu dira Hondarribiko hilerri sarrerako zelaira. Bertaratutakoen artean aurpegi ezagunak. Elkarrizketa ederrean irudikatu ditu “menderik mende” Ainhara Zuazabeitia ekitaldiaren aurkezleak Sastre, Bergamin eta Saseta. Gogora ekarri du gazte hasi zela poesia eta antzerkia sortzen eta idazten, eta handik tarte batera injustizia sozialen kontra idazten eta lanean, “antzerkia eta drama izan ziren bere lanaren ardatz, baina eleberrigintza, eta saiakera ere landu zituela, “azkenean 140 obratik gora idatzi zituen”. Frankoren diktaduraren kontra ere oso gazte hasi zela gogorarazi du, “zentsura izango ez balitz bezala idazten zuen, horrek ekarri zion zigorra, bazterketa eta errepresioa. Hala ere, mundu osoan oso miretsia izan da eta sari garrantzitsuak irabazi”.
Sastreren prentsa artikuluei ere aipamena Zuazabeitiak, “bere lanak irakurtzera animatu nahi zaituztet, merezi du horietan ibiltzea, murgiltzea, zoragarriak direlako”. Hondarribira 1977an heldu zen Eva Forestekin batera, “itzal handia utzi dute biek bertan”.
Igor Enparan alkatea ere izan da oholtzatik mintzatzen bildutakoei. Sastreren figura goratu du, Sastre ekintzailearena, militantearena, eta Sastre humanoarena, “bi aurpegi horiek batu baititu”. Argi esan du, “ohorea izan da Sastre Hondarribian eduki izana. Bertatik bertara ezagutu dugunok gizon aparta, zintzoa eta koherentea ezagutu dugu. Askorentzat idazle handia, antzerkigile konprometitua eta pentsalari zorrotza izan da. Guk pertsona ere ezagutu dugu, egunerokoan erakusten zuen alde humanoa”.
Izaera borrokalari, iraultzaile eta menperaezina aipatu ditu batetik Enparanek, bihotz zabaleko gizon internazionalista, hurbila eta solidarioa, bestetik. Beste zerbait ere gaineratu du Enparanek, ez zela Sastre inoiz makurtu, eta Carabanchelen (Madril, Espainia) preso zela bertso batzuetan idatzitako esaldia errepikatu du, “No conocen el suelo estas rodillas” —ez zela inoiz makurtu, alegia—halakoa izan da, ausarta, tinko eta menperaezina”.
Hemerotekara ere jo du irudi bat berreskuratzeko Enparanek, 1980. urtera jo du, Hondarribiko San Pedro kalera, “han zen Sastre Guardia Zibilen fusilei aurre egiten, bere printzipioei leial, jenio biziko pertsona, pentsatzen zuen hura esateko beldurrik gabe. Borrokalari eta iraultzaile horren atzean, pertsona xume eta hurbila zegoen”.
Miguel Castells abokatu eta politikari ohia ere izan da omenaldian, oholtza gainean. Hark ere izan ditu Sastre goratzeko eta aitortzeko hitzak gaurko ekitaldian. Lagun eta kideari mintzatu zaio eta Sastre-Forest bikotearekin haien etxean egindako kafe tertuliei aipamen, “idatziak, zuen ekintzak eta bizitza utzi dizkiguzue joandakoan, baita zuen koherentzia ere”. Sastreren eta Foresten militantzia eta konpromisoa nabarmen jarri ditu eta txalo zaparrada jaso.
Ondotik heldu da Jon Maia Soria bertsolaria. Zumaiarrak dardaraka jarri du eremua bere irakurketarekin. 2009an ilegalizazio testuinguruan Europako Hauteskundeetarako osatutako Iniziatiba Internazionalistako zerrendako buru izan zen Sastre, eta hari idatzitakoa berreskuratu du gaur berriro irakurtzeko, “ez zait ezer hobeagorik otu hau baino”. Bertan ziren denak ukitu eta hunkitzea lortu du Maiak, gaur ere. Kanpoaldeko ekitaldia bukatzeko, Iñar Sastre pianista, konpositore eta Alfonso Sastreren bilobak, aitonarentzat oso berezia zen kanta jo du, Lili Marleen, bazkaritan abestea gustuko zuela kontatu dute eta Maiak Sastreri egokitutako letrarekin lagundu du.
Errautsak lurperatzeko unea heldu da gero. Txistulariek lagunduta egin dute bidea Sastreren senideek eta omenaldira gerturatutakoek. Aurretik, Sastreren bi lanen irakurraldia kanposantuan. Kandido Saseta eta Bergaminen ondoan dira orain betiko Sastreren errautsak, Iker Gabilondo Aretxabaletako eskulturagileak egindako artelana zaindari dutela. Lurperatu bitartean Internazionala; ondoren heldu da lore eskaintza Eusko Gudariak eta Batasuna.

