Udal euskaltegiko ikastaro trinkoetan izen ematea astelehenean irekiko dute

Hilaren 23tik aurrera, urtarrileko 7tik martxoaren 19ra arteko ikastaro trinkoetarako izena eman ahal izango dute; azken eguna, abenduaren 4a.

Datorren astelehenean, hilak 23, udal euskaltegiko ikastaro trinkoetarako izena emateko epea irekiko dute. Ikastaro trinkoak urtarrilaren 7tik martxoaren 19ra arte izango dira, egunero 09:00etatik 13:15era. Izena emateko epea abenduaren 4ra arte zabalik egongo da, eta egoitza elektronikoaren bitartez edota sinadura elektronikorako sistemaren (BAKQ, Irun Txartela…) bidez egin beharko dute. “Udal Euskaltegiak erraztasunak ematen jarraitu nahi dizkie euskara ikasi edo hobetu nahi duten pertsonei”, adierazi du Sandra Caballero Gazteria ordezkariak. 

Urtarriletik martxora bitarteko ikastaroetan izena emateko aukera edukitzeaz gain, urrian martxan jarritako ikastaroetan ere apuntatzeko aukera izango dute. Ikastaro hauek ikasturte osokoak dira, eta ekainera arte luzatuko dira. Hauen kasuan, astean 5 orduko klaseak eskainiko dituzte. 

Ikastaro hauengatik ordaindutako matrikula Irungo Udalaren edo HABEren dirulaguntza deialdiaren bidez berreskuratu daiteke. Aurten gainera, Eusko Jaurlaritzak Euskara Bonua martxan jarri du 120 euroren truke A1etik B1.1 maila bitartean ikasteko, ordainketa bakarra eginda. Bonuak lau urteko ordu poltsa sortuko du.

LANNAHI egitasmoaren onuradunek ere abantailak izango dituzte. 20 euro ordaindu beharko dituzte ikastaro trinko bakoitzeko. Eskariarekin batera, mailaketa proba egin beharko dute ikasle berriek. Mailaketa proba egiteko 943 50 52 73 telefonora deitu beharko dute hitzordua eskatzeko. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.