Ander Lorenzo Calvo, Farmazia ikaslea

"Kirolarien errekuperazioaren gaineko desinformazio ugari dago"

Urtebeteko lesio baten ondorioz, errekuperazio prozesua arintzeko eta horren gaineko informazioa biltzeko 'Nudocero' webgunea sortu du irundar gazteak.

Lesioak momentu gogorrak izaten dira kirolarientzat, eta askotan ez dute momentu horiei aurre egiteko nahiko luketen informaziorik. Desinformazio ugari dago gai horren gainean, eta informazio fidagarria helarazteko xedez, Ander Lorenzo Calvo irundar gazteak, eta Farmazia ikasleak, Nudocero webgunea sortu du. Bertan, errekuperazioaren gaineko doako informazio ugari topa dezakete, hainbat kirolatan espezializatuta. 

Zer da Nudocero?

Errekuperazioari buruzko webgune bat da. Bertan, errekuperaziorako gidak, baliabideak eta bestelako tresnak jarri ditut eskuragarri. Bestalde, kirolaren gaineko mitoak ere aipatzen ditut; batez ere, errekuperazio prozesuari lotutakoak. Gaur egun, desinformazio ugari dago gai horren gainean. 

Nolatan izan zenuen proiektu hau sortzeko ideia?

Duela urtebete eta erdi inguru, lesio larria izan nuen eta errekuperazio prozesuari buruzko informazioa biltzen hasi nintzen. Momentu ez oso onak bizi izan ditut urtebete honetan, eta horri buelta emateko artikulu zientifikoak irakurtzen eta aztertzen hasi nintzen, ezerk ez baitzuen funtzionatzen. Aurkitzen nuen informazioa ez zen erreala, ez zen zentzuzko informazioa. Argitaratzen duten informazio guztia saltzeko helburuarekin publikatzen dute. Horregatik, doako informazioa biltzen duen webgunea egitea bururatu zitzaidan, adin guztietako kirolari guztiei zuzenduta dagoena.

Zure ustez desinformazio ugari dago gaur egun errekuperazio prozesuaren gainean?

Profesional on asko daude gaian murgilduta daudenak; baina era berean, desinformazio ugari egoten jarraitzen du. Webgunea egin bitartean, mito ugari topatu ditut. Mito hauek oso zabalduak daude, eta informazio hau guztia ez dago kontrastatua. 

Proiektu hau sortzeak ikasketekin edo unibertsitatearekin zerikusia du?

Hasiera batean, lesioa pairatzen ari zen jendeari laguntzeko sortu nuen. Farmazia ikasketek asko lagundu didate informazioa bilatzen, artikulu zientifikoak aztertzen eta horiek kontrastatzen. Aurretik, kirolari gisa, zeoze banekien; esaterako, iturri fidagarriak topatzen. 

Kirol ugari praktikatzeko hainbat gida dituzu. Profesionalen laguntza izan duzu gida horiek sortzeko?

Lehenengo gidak praktikatu ditudan kirolei buruzkoak izan dira; hala nola, areto futbola eta atletismoa. Horiek nire kabuz egin ditut. Orain, txirrindularitzarekin murgilduta nabil eta gida horiek prestatzeko espezialisten laguntza behar izan dut. Ordu asko eman ditut eduki guztia sortzen udako hilabeteetan. Gidak publikatzean lan handia egin behar izan nuen, eta urria mugimendu handiko hilabetea izan zen. Proiektua egonkortuta lasaiago nabil, eta egunero gainbegiratzen dut webgunea dena ondo dagoela ziurtatzeko. 

Aurkitutako mitoen artean zein nabarmendu nahiko zenuke?

Bikietan karranpak sentitzean, askotan, platanoa jatea gomendatzen dute. Potasioak ordu erdia pasata du eragina, eta ez du askotarako balio ordurako karranpak desagertu baitira. Aukera onena gelditzea eta luzaketak egitea da. Luzaketekin jarraituta, atseden hartzea eta elikadura luzaketak baino garrantzitsuagoak dira, ezinbestekoak. Luzeketek ez dute ekiditzen lesiorik ez izatea; lesiorik ez izateko indar entrenamenduak beharrezkoak dira. 

Gidak eskaintzeaz gain, arreta pertsonala eskaintzen al duzu?

Ez, oraindik ez. Ikasketekin ez daukat behar besteko denborarik zerbitzu hori eskaintzeko. Gidak nahiko orokorrak dira; baina kirolariek zalantzak edukitzekotan, nirekin harremanetan jarri daitezkete whatsapp edota instagramen bitartez. Arreta eskaintzea ez da helburu nagusia, ez dut horretara bideratu proiektua. 

Epe luzerako proiektua dela uste duzu?

Ez dut epe luzerako aurreikuspenik egin. Hori ez da nire helburua. Anbizio gehiago ditut farmaziari lotuta. Proiektu honekin aurrera egitea lortzen badut, horretan jarraituko dut presiorik gabe. Gustatuko litzaidake farmaziak kirolean duen eragina azaltzeko atal bat sortzea, baina oraindik ez naiz hasi. Lehentasuna ikasketak amaitzea da.

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.