Errugbi jokalari beteranoen eguna izango da biharkoa
Bihar, hilak 21, plakajerik gabeko modalitateko partidak jokatuko dituzte Plaiaundin; beteranoen bost talde ariko dira, 11:00etatik aurrera.
2025eko Beteranoen Eguneko argazkia. Asteburu honetan, Zaisa Txingudik eta Biok Txingudik atseden hartuko dute. Biharkoa, hilak 21, beteranoen egun handia izango da Plaiaundin. 2026ko Beteranoen Egunean etxekoen taldearekin batera, Arrangoitze, Senpere eta Logroño taldeak ariko dira. Guztira bost talde izango dira; etxekoek bi talde osatuko baitituzte. Partidak 11:00etan hasiko dira, eta taldeak adierazi duenez 100 zale inguru biltzea espero dute. Topaketaren ondoren, errugbian hain famatua den Hirugarren zatia egingo dute: Txingudi Errugbi Taldeko elkartean bazkaria antolatuko dute.
Beteranoen kasuan, plakajerik gabeko modalitatean jokatuko dute, Touch modalitatean. Taldeak mistoak izango dira.
Talde nagusiek datorren asteburura arte partidarik jokatu ez arren, eskolako taldeek etxetik kanpo jokatuko dituzte beren partidak asteburu honetan. Jokatzen lehena 14 urtez azpiko taldea izango da bihar Arrasaten, 10:30etik aurrera. Igandean, berriz, 10 eta 12 urtez azpikoen txanda izango da. 10:30ean hasita, Puioko zelaian arituko dira donostiarren aurka.

