Biktimen oroimena, liburu batean
Lupe Calvo Elizasu kazetariak bere bigarren liburua kaleratu du, 'Por todas'. Asun Casasolak egindako ibilbidea goraipatu, eta indarkeria matxistaren biktima guztiak omentzeko lana da.
Asun Casasola eta Lupe Calvo Irungo Nagore Laffageren oroimenezko plakan, eskutik helduta.Imanol Saiz Gomez de Segura Hemezortzi urte pasa dira Jose Diego Yllanes Vizcayk Nagore Laffage erail zuenetik, Iruñean. Gertakari lazgarri hura liburu bihurtu du Lupe Calvo Elizasu kazetari donostiarrak. Por todas. Asun Casasola activista contra la violencia sexual liburua argitaratu berri du Catarata argitaletxearekin. Liburua idaztea ariketa gogorra izan dela azaldu du, baina Asun Casasolaren, Nagore Laffageren amaren laguntzarekin «errazagoa» izan dela argitu du. «Nagore Laffage ahanzturan ez erortzeko edozein proposamen izugarri eskertzen dut», nabarmendu du Casasolak. Liburuaren aurkezpenaren bezperetan, Hitza Casasolarekin eta Calvorekin bildu da.
Nagore Laffage oso presente dago Irunen, baita Iruñean eta leku askotan ere. «Indarkeria matxistaren biktima askok ez dute Nagorek izan duen zortea izan», azaldu du bere amak. Biktima horiek askotan ahaztu egiten dira, eta ez dute behar duten ikusgarritasunik edukitzen. Gainera, kasu askotan, izen-abizenik gabe gelditzen direla gaineratu du. Horregatik, Casasolak esker oneko hitzak besterik ez ditu Nagore Laffage oroitzeko lan egiten dutenentzat. «Hilketaren ondoren Asun Casasolak egin duen lana nabarmentzea eta betirako gordetzea oso interesgarria da. Gertatu zena ulertzeko ezinbestekoa da dena nola izan zen bezala jasotzea, eta merezi duen garrantzia ematea urteetan egindako lanari», adierazi du egileak.
«Nagore ez nuen ezagutu, eta bere ama ere ez nuen aurretik ezagutzen. Nire iloba eta Nagore atari berean bizi ziren, oso harreman estua zuten, eta kasuak eragin handia izan zuen nire ilobarengan», kontatu du Calvok. Urtebete pasatxo igaro da egileak Casasolari deitu zion lehenengo alditik. «Luperen [Calvo] ahizpa nire laguna da, eta Lupek nirekin hitz egin nahi zuela komentatu zidan», azaldu du Nagore Laffageren amak. Urteotan egin duen bezala, proposamen horri ere baietz esan zion, eta deia jaso eta berehala bildu ziren, Casasolaren etxean. «Proiektuaren berri eman zidanetik, pentsatzen eta sentitzen dudana esan diot. Beti».
Liburua idazteko prozesuari buruz galdetuta, lehenengo elkarrizketa hartatik gaurdaino egindako prozesua azaldu du egileak. «Zer kontatu eta liburua nola egituratu jakin aurretik, argi nuen noiz aurkeztu nahi nuen: 2026ko azaroaren 25ean». Esan eta egin. Por todas liburua kazetariaren bigarrena da, eta hori lagungarri izan dela adierazi du egileak. «Argitaletxeak ezagutzen nau eta nik ere argitaratzeko prozesua zer nolakoa den ezagutzen dut». Hala ere, iruzurgilearen sindromea oso presente eduki duela kontatu du. «Oso presente egon da iruzurgilearen sindromea, eta duela 18 urte pasatako kasua ea nori interesatuko zaion askotan galdetu diot neure buruari. Zalantza ugari izan ditut».
Lanak duela 18 urteko Nagore Laffageren hilketa du abiapuntu. Hala ere, biek argi dute kasua pasa arren, oso gertuko istorioa dela. «Zoritxarrez, indarkeria matxista kasu asko daude gaur egun, eta biktima horiek guztiak omentzeko modua ere bada liburua», zehaztu du Casasolak.
Aurkia eta ifrentzua
Lana idazteko interesa haren lehenengo liburuaren aurkezpen ekitaldi batean piztu zitzaion egileari. «Intuizioan betidanik sinetsi dut, eta momentu horretan Asunengan [Casasola] pentsatu nuen. Bere istorioa jasotzea ideia ona litzatekeela pentsatu nuen; ez bakarrik hilketagatik, baizik eta gertaera horren ondoren egindako lanarengatik. Erresilientzia da Casasolak egindako lana laburbiltzeko hitza; alegia, behin eta berriz altxatzeko gai izatea, eta aurrera egitea».
Horretarako, prentsatik informazioa biltzen eta hori kontrastatzen hasi zen kazetaria, «oraindik ez baitzegoen ezer publikatuta». Liburua epaiketaren kontaketarekin hasten da, pasarte asko hitzez hitz azalduta daude. «Lehenengo egunean Francisco Jose Goyena Salgado epaileak esan zuen Nagorerena ez zela indarkeria matxista kasu bat izan. Orduko legeek ez zuten indarkeria matxista kasutzat hartzen», azaldu du Calvok. «Indarkeria matxista ez bada, zer da bada?».
Epaiketaren azalpenean ez ezik, liburu osoan iritzi pertsonalak ez sartzen ahalegindu da egilea, nahiz eta beti iritzi bat izan. «Adibidez, epaiketa nolakoa izan zen jakiteko iritzi bat behar dugu».
Epaiketaren lehenengo kapituluaren ondoren, Asun Casasolaren eta bere senideen hitzak daude jasota. Liburua idazteko elkarrizketa asko egin ditu Nagoreren amarekin. Baita Casasolaren ahizparekin eta semearekin ere. Javierrek, Casasolaren semeak, urteotan isilik mantentzeko hautua hartu du. «Ama eta semea aurkia eta ifrentzua dira: Casasolak, kasuak oihartzuna izateko, ehunka hitzaldi eskaini ditu; semea, berriz, isilik mantendu da». Era berean, Calvok adierazi du liburuak berak behartu zuela semearekin hitz egitera. «Ordura arte elkarrizketa bakarra egin zuen Javierrek, eta zalantza asko zituen». 2008an, lehen elkarrizketa hori egin zuen garaian, beldur zela kontatu du; orain, ordea, oso harro dago bere amak, Asun Casasolak, egin duen lanagatik.
Javier Laffagek orduantxe sentitu zuen amak hasitako bidearen gaineko harrotasuna. Casasolak, ordea, urteotan sentitu duen babesa izaten jarraitzen du. Bide beretik, Irungo zein Iruñeko mugimendu feministek urte hauetan eman dioten babesa aipatu du: «Kasua salatzeko lehenengo momentutik atera ziren kalera, beti ondoan izan ditut». Aipamenak egiten hasita, Casasolak ez du ahaztu nahi izan Elena Taberna zinema zuzendari altsasuarra. «Hari ere asko zor diot».
Zenbakiak baino gehiago
Zortea aipatuta, Nagore Laffageren ama oso pozik dago bere alaba oroitzeko egin duten lan guztiarengatik. «Izenik ez duena ez da existitzen». Horrekin batera, kontatu du «nolabait esatearren» zortea izan duela Nagorek izan duen oihartzunagatik. «Dokumentala eta liburua edukitzeaz gain, antzezlan bat ere izango du», azaldu du. Calvok egindako lanarekin oso harro dago, liburua idazteko izan duen inplikazio sakonagatik. «Oraindik ez naiz gai izan liburua irakurtzeko, baina jakin badakit liburu bikaina dela», kontatu du, hunkituta, Casasolak.
Irakurtzeko gogorra da; idazketa prozesua ere ariketa latza izan dela adierazi du egileak. «Idaztean barruan korapiloak sentitu ditut. Gogorra egin zait Asuni hau guztia berriz ere gogoraraztea». Nagoreren amak, ordea, kontrako iritzia du: «Hau guztia ondo datorkit. Nire alabari buruz hitz egin nahi dut jendeak jakin dezan zer gertatu zitzaion».
2008an, indarkeria matxista kasuak ez ziren kontabilizatzen. Gerora hasi ziren kontaketarekin. «Nire alabak izen bat du; zoritxarrez, biktima askok ez dute. Horiek ahanzturan gelditu dira», gaineratu du. Casasolak biktima askoren amekin batera talde bat du, babesa eta elkartasuna adierazteko. «Duela aste batzuk Gironan izan nintzen, epaiketa batean eraildako emakume baten ama laguntzeko. Hark komentatu zidan ea nik zer egin dudan nire alaba Nagore izateko». Horregatik, «nolabaiteko zortea» izan duela berretsi du Casasolak: «Ama horren kasuan bere alaba ez da Carla, bere alaba 2023ko 30. biktima da», adierazi du. Alegia, emakume erailek askotan ez dute izen-abizenik, zenbakiak dira. Aurretik aipatutako kontaketa horren parte dira biktima horiek.
«Carlaren amaren tristura aipatu zidanean, hori ere aipatu behar nuela erabaki nuen. Ez dut bere dolua baretuko, baina liburua biktima guztiei eskainita dagoenez, argi nuen kasu hura aipatu behar nuela eta bere lekua eduki behar zuela», kontatu du Calvok. Liburua proiektu pertsonala denez, askatasuna izan du zer sartu eta zer ez erabakitzeko orduan.
Nevenka Fernandezen hitzaurrea
Liburua idazteko askatasuna edukita, eta egitura zehatzik izan gabe, Nevenka Fernandezekin kontaktatzen saiatzea bururatu zitzaion egileari. «Jendea liluratuta dago harekin harremanetan jartzea lortu izanagatik, eta gainera, hitzaurrea idazteko proposamenari baietz esateagatik». Fernandezekin harremana egiteko Madrilgo abokatu baten laguntza izan zuen kazetariak. «Honekin batera, bitxikeria bat kontatu nahi dut: Casasolaren etxean nengoela, telefonoa bolumenik gabe nuela uste nuen, baina ez. Zortea izan nuen, abokatuaren deia momentu hartan jaso bainuen. Eta gainera, baietz esateko deitu zidan. Asun eta biok oso pozik jarri ginen», kontatu du.
Nevenka Fernandez Ponferradako Udaleko Ogasuneko ordezkaria izan zen 1999. eta 2000. urteetan. Orduko alkatea, PPko Ismael Alvarez, sexu jazarpenagatik salatu zuen Fernandezek. Hori guztia pantailetara eraman zuten Soy Nevenka filmaren bidez, 2024an. «Ez nuen bakarrik ikur bat delako elkarrizketatu nahi, arrazoi gehiagogatik egon nahi nuen harekin», argitu du Calvok.
«Nevenkaren eta Nagoreren epaiketan epaileek galdera berbera egin zuen, biktima seinalatuz», azaldu du. Epaiketa horren kontaketa liburuaren hitzaurrean jasota dago. Casasolak, ordea, ez zuen Fernandezen gaineko aurretiazko informazio askorik. «Liburua argitaratu berritan Nevenkaren sekulako zorion mezuak jaso ditut. Oso pozik dago egin dudanarekin», gehitu du Calvok.
2023an, Meninas Saria Nevenka Fernandezek irabazi zuen, Erresilientziaren Saria, hain zuzen. Diskurtso hartan, saria biktima guztien omenezkoa zela esan zuen. Urtebete geroago, 2024an, Asun Casasolarentzat izan zen Erresilientziaren Saria. «Nevenkaren diskurtsoaren azken esaldia irakurri aurretik, erabakita nuen liburuaren titulua zein izango zen».
Izenburuarekin lotura eginez, egileak publiko guztiarentzako liburua nahi zuen egin, irakurterraza. «Gazteentzat zein helduentzat idatzita dago. Liburuan gai asko aipatzen ditut, baina horiek liburuan bertan azaltzen ditut. Askotan, liburuan argi ez dagoen informazioa lortzeko beste iturrietara jo behar izaten dugu, eta horrek liburua albo batera uzteko arriskua dakar», adierazi du.
Gazteengan fokua jarri dute biek. «Gaur egun mundu guztiak badaki nor den Nagore. Informazioa eduki arren, dokumentala ikusita edo liburua irakurrita are gehiago harritzen dira», kontatu du Casasolak. Era berean, egileak, adibidez, bere ilobaren kasua aipatu du: «15 urteko ilobak liburua irakurri zuen, eta irakurri zuenarekin ikaratuta zegoela esan zidan».
Indarkeria matxistarekin bukatzeko oinarriak hezkuntzan eta, batez ere, etxean jarri behar direla uste dute biek. «Ikastetxeetan behin eta berriro errepikatu behar dugu mezua behingoagatik barnera dezaten», esan du Casasolak. Aurten, esaterako, 60 hitzaldi eskaini ditu Nagore Laffageren amak, eta urtetik urtera bultzada handiagoa jasotzen ari dela azaldu du pozik. «Ikasleak askotan hunkitzen dira. Aurreko astean, ikasle batek honako hau esan zidan: ‘Asun, egunen batean tipo horrekin topatzen baldin bazara, barkatuko zaitut esan iezaiozu, eta ez duzula inoiz ahaztuko’».
Horregatik guztiagatik, Por todas liburua indarkeria matxistaren biktima guztiak oroitzeko liburua da, gizonen bortxa jasan duten denena. «Ez da Nagoregatik bakarrik, biktima guztiengatik da».


