30 parte hartzailetik gora izango dira hitz gurutzatuak egiteko prest

Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko hamaikagarren edizioa egingo dute bihar, hilak 21, Palmera Monteron; 09:30etik 12:00era tentsioa izango da.

Hitz gurutzatuen zaleek bihar izango dute urteko zita Palmera Monteron. Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen hamaikagarren edizioa antolatuko dute, eta goizean zehar kontzentrazioa eta tentsioa izango dira 2. aretoan. 2007an lehenengo edizioa antolatu zuten, eta 2024an Irungo Aitzondo Euskara Taldeak txapelketa antolatzeari berriro ekin zion hamar urteko etenaren ostean. Aurten, 30 parte hartzailetik gora izango dira txapel preziatuaren bila. Azkartasuna, teknika eta kontzentrazioa gakoak izango dira final handira heltzeko. 

Aurkezpenean iragarri bezala, aurtengo edizioak berritasunak izango ditu. Orain arte bi proba gainditu behar izaten zuten finalera heltzeko, baina aurtengoan hiru gainditu beharko dituzte. Joxan Elosegik sortutakoak izango dira hitz gurutzatuak, eta urteroko moduan “denon gustukoak diren hitz gurutzatuak” prestatuko ditu.

Parte hartzaileak 09:00etan bilduko dira, eta 09:30ak aldera lehenengo probari ekingo diote. Bigarren fasea 10:20 inguru hastea aurreikusi dute, eta Joan-jina izeneko fasea amaituta goizeko lehen kanporatuak izango dira. Finalaurrekoak 11:00etan hasiko dira, eta ordubete beranduago, 12:00etan, final handia izango da. Finalarekin batera, sari banaketen ekitaldia (13:00) goizeko momentu berezienak izango direla adierazi dute. Jendea Palmera Monterora hubiltzeko deia egin dute.

Sariei dagokienez, lehenengo sailkatuak txapelarekin batera, 400 euro eta Alberdaniako bonoa eskuratuko ditu. Bigarrenarentzat ere Alberdaniako bonoa izango da, eta gainera, 300 euro. Hirugarrenak Alberdaniako bonoa eskuratzearekin batera, 200 euro emango dizkiote. Irungo lehiakide onenak HITZAko urtebeteko harpidetza jasoko du. Sariak banatu ondoren, Bidasoako EKT elkartean bazkaria antolatuko dute, eta lehenengo hamr sailkatuek bazkarirako txartela eskuratuko dute. Bazkalostea girotzen Irunabarreko bertsolariak izango dira, eta Irungo bertso zaharrak emanaldia eskainiko dute. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.