Jose Mari Sarriegi sarituko du Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak
Bere ibilbide konprometituagatik sarituko du elkarteak Sarriegi. Atletismoari oso lotuta egon da betidanik.
Gipuzkoako Kirol Federazioen Elkarteak aurtengo saria Jose Mari Sarriegiri emango dio, bere bizitzan zehar izandako kirol ibilbide luze eta konprometituagatik. Mikel Etxarrirekin partekatuko du aurtengo saria, hurrengo asteartean, azaroaren 24an Donostiako Aquariumean egingo den galan.
Bidasoko lehenengo atletismo klub federatua sortu, entrenatzaile bezala aritu, Plaiaundiko pista eraiki eta antolatzaile zein esatari gisa lan handia egin du Sarriegik. “Atletismoa niretzat bizitzeko modu bat izan da. Oso gazte sartu nintzen, eta, benetan, atletismoak, asko eman didala sentitzen dut. Horregatik, oraindik, bertan jarraitzen dut. Atletismoak eman didana asko eskertzen dut, eta hein batean, jaso dudana bueltatzen saiatu naiz”, azaldu zuen Sarriegik 2022an, Ane Mendizabal kazetariak egindako elkarrizketa batean.

