Ikusezina dena ere indarkeria matxista dela ikusarazi nahi dute

Asun Casasola ipuin lehiaketaren XII. ediziorako izen emateak datorren asteazkenean, hilak 25, irekiko dituzte 2027ko otsailaren 7ra arte.

Indarkeria matxistari buruz hausnartzeko eta berdintasuna aldarrikatzeko asmoz, Asun Casasola ipuin lehiaketaren hamabigarren edizioa aurkeztu dute. Urtero legez, azaroaren 25ean izen emateak irekiko dituzte, eta 2027ko otsailaren 7ra arte zabalik egongo da proiektuak aurkezteko epea. Indarkeria matxistan zentratuta badago ere, aurten ikusezina den indarkeria ikusaraztea dute helburu, “ikusezina dena ere badelako”. 

Indarkeria matxistaren “iceberg” osoa ipuinen bitartez azaltzeko gonbita egin diete parte hartzaileei. Indarkeria egoera askotan eman daiteke, eta askotan horiek ez ditugu bertatik bertara ikusten edo sentitzen. “Bikotekidearen kontrola maitasunaren adierazpen gisa dugunean. Txantxa matxista bati barre egiteko presioa sentitzen dugunean. Emakume baten gorputza etengabe epaitzen denean. Edo zaintza lanen ardura beti pertsona beraren menpe geratzen denean”. Egoera horiei beste ikuspegi batekin begiratzea eta aztertzea eskatu dute ipuinen bitartez; baliagarriak izango baitira egoera horiei aurre egiteko bideak irudikatzeko. Aldi berean, Asun Casasolari urte hauetan guztietan egindako lana eta konpromisoa aitortzeko dei egin dute. 

Abiapunpuntu horretatik abiatuta, parte hartzaile bakoitzak bere begirada azaleratzea animatu dituzte. Ideiak hartzeko hamar gai-ildo prestau dituzte: genero-rolak, eguneroko matxismoa, presio estetikoa, indarkeria digitala, bikote harremanetako kontrola, adostasuna, maskulinitateak, diskriminazio gurutzatuak, espazioen erabilera eta zaintzak lantzeko proposamenak. Horiek guztiak webgunean eskuragai egongo dira. 

Azken urteetako dinamikari jarraituta, gazteak animatu nahi dituzte. “Ikastetxeak animatu nahi ditugu proposamen hau ikasgeletara eramatea, ikasleekin gai horiez hitz egitera eta idazteko tartea eskaintzera”, adierazi dute aurkezpenean. “Haien bizipenak, galderak eta kontatzeko moduak ezagutzeko gogoa dugu”.

Lau kategoria egingo dituzte adinaren arabera, eta orrialde bateko lanak euskaraz zein gazteleraz aurkezteko aukera izango dute, bakarka edo taldean. Gazteen kategoria bakoitzeko irabazleak  100 euro eta 50 euroko liburu sorta jasoko ditu. Helduen kasuan, 300 euro jasoko dituzte. Martxoaren 8an izango den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira iragarriko dituzte irabazleak. 

Por todas liburu aurkezpena

Bestalde, azaroaren 25erako antolatutako egitarauaren barruan Asun Casasola omentzeko bi jarduera egingo dituzte datozen egunetan. Datorren astelehenean, hilak 23, Lupe Calvo Elizasu kazetariak idatzitako liburua aurkeztuko dute Palmera Monteron, 18:00etan. Liburuan Nagore Laffage hil zutenetik Asun Casasolak egindako lanaren aitortza azaldu du egileak. Asteazkenerako, berriz, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egiteko, Patxi Perezek ipuin lehiaketaren irakurketa dramatizatua egingo du Argoiak elkartearen egoitzan. 17:00etan hasiko da. 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.